Euskaraldiak 3 mugarri: bideoklipa, Belarriprest – Ahobizi eta Ariguneak

Joan den astean Euskaraldiak hainbat mugarri izan genituen: Ostegunean ireki zen norbanakoek izena emateko epea eta modua, aldi berean 2020 edizio honetako kanta eta bideoklipa aurkeztu zen, eta igandean itxi zen Ariguneen izen ematea (Lizarraldean marka polita, 48).

Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala da, entrenamendu bat da helburu duena ohiturak aldatzea, berriak sortzea eta daudenak indartzea, betiere euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin hitz egiteko helburuarekin. Horretarako dauden bi roletako bat aukeratu behar dute partaideek, dagozkion konpromisoak hartu, eta 15 egunez aritu (azaroaren 20tik abenduaren 4ra):

  • Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
  • Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

IZEN EMATEA zabalik jada, ez utzi azken egunerako!

Bestalde, Euskaraldiaren 2020ko edizioaren kanta eta bideoklipa aurkeztu zuten joan den astean: Dantzagarria, alaia, gaztea, anitza eta kolore askotarikoa, lur berdea, lur horia, asfalto zorua, giro “erua” eragiteko modukoa!

Broken Brothers Brass Band & The Blackbirds
Boza: Lorena Aisa, Claudia Rodriguez & Idoia Tapia ( Skabidean ). Hitzak: Sustrai Colina.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena