Abartzuza, Villatuerta, Deierri, Gesalatz, Jaitz, Lezaun eta Oteitza udalerriak biltzen dituen Irantzu Mankomunitatean lanpostu gehienak egonkortu dituzte azken urtebetean, ez ordea euskara zerbitzuari dagokiona. Eta, jakina, lanpostua egonkortu ezean, zerbitzua ere ez da egonkortuko. Beraz, eta orain arte bezala, kolokan jarraituko du.
Euskara teknikariaren lana
Irantzu Mankomunitateko euskara zerbitzua 2005eko azaroan sortu zen. Garai hartako bultzatzaile nagusiak herritarrak eta tokian tokiko udal taldeak izan ziren. Ordutik hona, bitan eten dute zerbitzuaren lana: 2008tik 2010era aurrena eta 2011tik 2016ra ondoren. Zazpi bat urteko hutsunea egon da, beraz, zerbitzuaren hemezortzi urteotako historian.
Baina, zer egiten du euskara teknikari batek? Nafarroan euskararen ezagutza nabarmen handitu den arren, oraindik ere gehiengoak ez daki euskaraz eta, beraz, herritarren jarrera aktiboa behar da. Hau da, gaztelaniaren eta frantsesaren nagusitasunak, bai haien ezagutzaren unibertsalizazioa eta baita erakundeen babesagatik, euskaraz jarduteak hautu kontzientea eskatzen du maiz. Horregatik, euskaraz jardun eta bere erabilera bultzatzeko ekimen antolatuek garrantzia handia hartzen dute hizkuntza gutxiagotua erabiltzen duen komunitatearentzat, pertsonentzat.
Zentzu horretan, honakoak dira Irantzu Mankomunitateko euskara zerbitzuaren funtzioetako batzuk:
- Euskarazko kultur ekitaldiak antolatzea. Haurrek zein helduek euskaraz aritu ahal izateko, aurrena, jakin behar; ondoren, motibazioa eta gogoa piztu behar; eta, azkenik, aukera behar. Hori dela eta, Irantzu euskara zerbitzutik sei urtean 260 eta 300 kultur ekitaldi artean antolatu dira, euskaldunei aukerak emateko, saretzeko eta euskara gozagai bilakatzeko. Haietara 9.000 lagunetik gora joan dira.
- Kultur sorkuntza bultzatu: Gazte literatura lehiaketak, album ilustratuak sortzeko lehiaketa,…
- Udal administrazioan: Aholkularitza udalei eta herritarrei, era guztietako itzulpen ugari, dirulaguntzak kudeatu, txostenak, euskararen araudiak, …
- D ereduko familiei laguntzea: familientzako baliabideak, aholkularitza, haurrentzako jarduerak,….
- Euskararen aldeko ekimenak hauspotzea: Korrika, Euskaraldia, Irriherri elkartearen dinamizazioa edo bestelako kanpainak.
- Saretzea eta elkarlana: herri ekimena, udalak, eskola,…
Euskararen egoera Irantzu mankomunitatean
Irantzu Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerriak Euskararen Legearen arabera eremu mistoan kokatzen dira. Herri gehienak hasiera-hasieratik bertan bazeuden ere, Villatuerta eta Oteitza izan ziren azkenak sartzen, 2017an. Eta horrek herritarrekiko betebehar batzuk sortzen dizkie administrazioei.
Nabarmentzekoa da, bestalde, Mankomunitatekoa herrietan gaur egun hiru landa eskola daudela, eta haietako batean D eredua abiatu zela 2015-2016 ikasturtean. Zumadia ikastetxe berrian bertan eskolatzen dira Abartzuza, Deierri, Gesalatz, Jaitz eta Lezaungo haur gehienak. Gainera, une honetan D eredua baino ez dago bertan, beraz erabateko murgiltzea da. Irantzu mankomunitateko gainerako ikasleek Lizarrara jo behar dute euskaraz ikasi ahal izateko.
Bestalde, Mankomunitateko herrietan, 2011ko datuen arabera, biztanleen ia laurdenak ulertuko luke euskara eta ehuneko hamarretik gora lirateke elebidun. Hala ere, etorkizunera begirako euskararen joera ikusteko, ume eta gazteen eskolatze datuei begiratu ahal zaio. Ondoko koadroan eskaintzen dira 2018-2019 ikasturtean bildutako datuak, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzari (3-12 urte) dagozkien datuak. Ikus daitekeen bezala, euskarazko murgiltze-ereduaren hautua goraka doa.
Lanpostuaren egonkortasunarekin gorabeherak
Zerbitzua sortu zen unetik bertatik izan da ezegonkorra euskara teknikari lanpostua. Zenbaitetan, udaletako aurrekontu txikia aipatu izan da egoera horren arrazoi nagusi, eta hala, Nafarroako Gobernuak ematen dituen dirulaguntzen menpe egon izan da. Dirulaguntza horiek bi atal dituzte: bata euskara zerbitzuaren kanpainak, kultur ekitaldiak, tailerrak, ekintzak, argitalpenak eta abar laguntzeko; bigarrena, lanpostuaren gastuak laguntzeko, funtsean, nomina. Bigarren hori, baina, Nafarroako 30 bat euskara zerbitzuetatik soilik hiruk jasotzen dute. Izan ere, ezohikoa da eta soilik egonkortze bidean dauden zerbitzu sortu berriei eskaintzen zaie finkatzeko.
Beraz, badirudi zerbitzua ez egonkortzearen motibo bat izan dela zerbitzua bera egonkortzeko Nafarroako dirulaguntza galtzeko kezka, hau da, dirulaguntzaren zati bat. Kontraesankorra bederen badirudi. Eta, ondorioz, gehiegizko gastua bilakatuko litzateke. Baina, zenbat da «gehiegizko gastu»? Bada, biztanleko 7 eta 8 euro artean. Horren baitan legoke urte osoko kultur ekitaldiak, kanpainak, materiala… eta baita lanpostuaren nomina ere.
Ezegonkortasun egoera horrek ondorioak ditu. Lehena, herritarren eta familien ziurgabetasuna; bigarrena, lanpostuan ari diren langileena. Hala, ez da harritzekoa 18 urteko ibilbidean zazpi urteko hutsunea egon izana zerbitzuan, eta beste hamaika urte horietan zazpi euskara teknikari ezberdin aritu izana lanean. Horrek dakarren guztiarekin, bai langileen espektatiba profesionalekin eta lan-eskubideekin, bai zerbitzuari dagokionean: teknikari berriek lanpostua, udaletako lankideak, eskualdeko erakundeak, herriak, herritarrak, proiektuak… Eta zenbaitetan ofizioa bera ere ezagutzeko eta ikasteko denbora behar dute.
Baina, nork erabakitzen du lanpostua egonkortzea ala ez? Bada, Irantzu Mankomunitateko batzarrak, eta berau osatzen duten zazpi udaletako ordezkariek. Azken urtebetean bitan erabaki dute euskara zerbitzuaren lanpostua ez egonkortzea. Azkenekoz, 2023 urte hasieran bertan. Zinegotzi batzuk alde, besteak kontra, gehiengo estuak ezezkoaren alde egin du eta, beraz, zerbitzuak kolokan jarraituko du.
Momentuz, hauxe dugu egoera, ikusteko dago etorkizunera begira nolako ibilbidea izango duen euskara teknikariaren egonkortzearen aferak. Bitartean, segi dezatela udalerri hauetako herritarrek euskara hauspotzen, gozatzen eta sendotzen. Ondoko hausnarketa utziko diogu gure irakurleei: zein da euskara bultzatzearen balioa? Zenbat da «garesti»? Zergatik Auritz-Erroibar, Zaraitzu, Erronkari, Larraunaldea, Leitzaran, Ultzamaldeko euskara zerbitzuetan, gastu handiagoa izanik eta biztanle gutxiago, bai posible da euskara zerbitzua egonkor egotea, eta Irantzun kolokan?