Euskaltzaindiak eta Lizarrako Udalak hitzarmena sinatu dute

[Lizarrako Udaleko webgunetik hartutako testua] Euskaltzaindiak eta Lizarrako Udalak lehen aldiz lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hitzarmenak lankidetza egonkorra finkatzeko helburua du eta datozen lau urteetan bi erakundeen arteko elkarlanaren bidez adostuko dira egitasmoak eta jarduerak, denak ala denak euskararen sustapenaren esparruan. Ekitaldian, Koldo Leoz Garciandia Lizarrako alkateak eta Sagrario Aleman Astitz Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak hartu dute parte.

Sagrario Aleman Astitz (Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria): “Euskaltzaindian euskalgintzako eta administrazioko hainbat eragilerekin zubiak eraikitzeko gogoz eta asmoz ari gara lanean eta horren adibide dugu honako hitzarmen hau. Elkarlan honek etorkizunean euskararen zabalkundean fruituak emanen dituelakoan gaude, bai Lizarran, bai Nafarroa osoan ere.”

Hitzarmenaren izaera iraunkorra bada ere, bi erakundeok konpromisoa hartu dute ildo hauetako jarduerak antolatzeko 2023an: Euskara Batuaren Eskuliburuaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabileraren inguruko prestakuntza saio bat; euskal izen-deiturei, bai eta tokiko toponimoei eta etxe-izenei buruzko hitzaldi bat, herritar guztiei zuzendua, eta, azkenik, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko ekimen bat.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena