Etxepare albumen erakusketa Villatuertan

Nafarroako hainbat toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, Etxepare sariak antolatzen dituzte euskaraz sortutako haurrendako album ilustratuak saritzen dituztenak urtero. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak.

Kontuan izan behar dugu albumak dituen ezaugarriengatik garestia dela bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da, eta, horiek horrela, liburuak argitaratu egiten dira Pamiela argitaletxearen eskutik.

Orain arte plazaratutako liburu guztien erakusketa da hau, guztiak ere kalitate handikoak eta euskal literaturaren alorrean erreferentziazkoak. Ikusgai dauden lanen artean eskarmentu handiko egileenak daude, baina beste askok beren burua Etxepare sariaren bitartez eman dute ezagutzera. Euskal literaturan album irudidunen alorrean egun egiten denaren isla da erakusketa.

Erakusketa Villatuertan estreinatuko da azaroaren 29an, igandea, kiroldegiko pistan. Eta, hurrengo bi asteetan kiroldegiko korridorean izanen da ikusgai.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena