Estellerriko Irakurle Klubaren hirugarren edizioa

Maitea, Toni Morrison

GAREANek urriaren 25ean emanen dio hasiera irakurle klubaren hirugarren edizioari, aurreko urteko esperientzia onak hartaraturik. Gogoratu nahi dugu horrelako talde bat aurrera eramateko arrazoi nagusietarik bat izan zela nolabaiteko beharra –eta hutsunea– ikusten genuela arlo horretan: joan den urtera arte gure eskualdean ez zegoen aukerarik zenbait literatura-lanen inguruan euskaraz solasteko, irakurle klub bat bezalako iritzigune –eta emoziogune— batean.

Proiektu honen helburu nagusia, aurreko urteetan adierazi bezala, eztabaida izanen da: kide guztien iritziak, ahotsak eta emozioak aditzea, liburu bera irakurtzeko modu ezberdinak kontrastatzea, eta, bide batez, bertze liburu batzuez ere solastea, eta, ildo hori harturik, menturaz, baita bizitzaz ere; eta, gainera, euskaraz egin ahal izatea.

Oroitarazi nahi dugu kluba euskaraz guti-asko irakurtzen duen orori dagoela zuzendua, hortaz, nahikoa da gutienezko irakurzaletasuna zein literaturzaletasuna izatea bertan parte hartzeko. Beraz, jendea animatu nahi dugu parte har dezan; gainera, ez da behar-beharrezkoa saio guztietara joatea eta, ikasturtean zehar, norberak ikusiko du noiz parte hartu.

Aurten ere sei saio izanen dira, eta bi idazle etorriko zaizkigu: Itxaro Borda azaroaren 29an eta Pello Lizarralde otsailaren 28an. Hona Lizarrako liburutegian eginen ditugun saioen xehetasunak:

Eguna eta ordua Liburua eta idazlea
Urriak 25, ortzeguna, 19:30 Maitea, Toni Morrison
Azaroak 29, ortzeguna, 19:30 Boga boga, Itxaro Borda
Urtarrilak 31, ortzeguna, 19:30 Etxekalte, Harkaitz Zubiri
Otsailak 28, ortzeguna, 19:30 Orbanak, Pello Lizarralde
Apirilak 25, ortzeguna, 19:30 Twist, Harkaitz Cano
Maiatzak 30, ortzeguna, 19:30 Jakobian eraikina, Alaa Al Aswani

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena