Bajadikako prozesu judiziala eten” prentsaurrea eta deialdia

Iazko festetan giro garraztua eragin zuen Lizarrako Udalean agintean den UPNk hartu zituen hainbat erabakik, herritarrak asaldatu zituztenak. “Adiskidetasunaren festak” bezala ezagutzen diren festa horiek sumin bilakatu ziren.

Haserre gehien piztu zutenak txosnei ezarritako “urruntze agindua” (betiko txosnagunetik Ikastolaren atzekaldera), Raimundo musika taldeari egindako jazarpena eta Botako txosnari ezarritako betoa izan baziren ere, bestelako haserreak ere piztu zituen jubilatuen artean edota euskaltzaleen artean, batzuei Chuchin Ibañez kontzertuaren kontra egiteagatik eta besteekin euskal giroko herriguneen kontra hartutako erabakiengatik eta haurrentzako 9 emanaldietatik bat bera ere euskaraz ez egiteagatik.

Testuinguru horretan jende ugari mobilizatu zen txosnen alde eta, ondoren, horietako asko Bajadikan jarraitu zuten aldarrikapenarekin. Horrenbeste, non jaitsiera oztopatuz azkenean udalbatzak erabaki zuen ez jaistea.

Horren ondorioz, une honetan 27 lagun deitu dituzte deklaratzera maiatzaren 22tik 23ra bitartean, eta “desordena publikoen delituagatik” ikertuak izaten ari dira.

Hori dela eta, plataforma bat eratu dute eta maiatzaren 16an, ostiralean, 20:00etan, egoera salatzeko Lizarrako udaletxearen aurrean elkarretaratzea egitera deitu dute, “Hasitako prozesua bertan behera uzteko … eta pertsona bakar batek ere ez dezala inolako ondorio ekonomiko edo penalik jasan”.

Horrekin batera, elkarretaratzearen deitzaileek prozesu judizialak berak dakarren indarkeria salatu nahi dute (kartzela zigor arriskua, zigor ekonomikoa, prozesu judizialaren kostuak, hainbat erakunde edota hedabideren aldetik kriminalizazioa…), baita protesta egiteko eta mobilizatzeko eskubidearen alde egin ere. Are, salatu nahi dute agintarien konpromisoa errepresioarekin, polizien arteko lankidetza 27 lagun aukeratzeko protestan ari ziren ehunka pertsona horietatik, komunikabide batzuen kanpaina… eta abar, ahaztu gabe gune autogestionatuei zor zaien babesa.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena