Bai Euskarari Ziurtagiria bilera Lizarran.

Bai Euskarari Ziurtagiria

Lizarran gaur egun 7 entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria, hiru ostalari, denda bat, bi elkarte eta haurren aisialdirako enpresa bat. Entitate gehienek urteak daramatzate Ziurtagiriarekin urratsak ematen haien negozio edota egunerokotasunean euskararen normalizazioaren bidean. Norberak bere ahalmen eta nahien barruan egiten ditu urrats horiek: horrela, Kulkik “Zerbitzua eta Lana” euskaraz eskaintzen ditu, Etxe Berria natur dendak eta Gure Hizkuntza elkarteak “Zerbitzua Euskaraz” eta Katxetas, Berri, Ametsa ostatuek eta La Bota Elkarteak “Bidean” maila eskuratua dute.

Lizarrako biztanleriaren %15 inguru euskalduna da, 2000 lagun, eta beste %10/15 nolabaiteko ezagutza du (ulertzeko gai da); kopuru hori handituko litzateke Lizarraldea bere osotasunean hartuko bagenu. Horretaz gain, bisitatzen gaituzten turista eta txangolarien ia %30a hego Euskal Herrikoa da (Gipuzkoatik nagusiki). Datu hori baina Turismo Bulegoan 2004tik 2012ra egindako artapenetatik atera da, eta jakina denez Lizarraldean opor biztanleria euskaldun egonkor handia dugu, hau da, bertan erroldatu gabe ere turismo bulegoa jada baliatzen ez duen biztanleria, urterik urte hona etortzen direnak. Hori guztia dela eta, egitasmo honen sustatzaileek pentsatzen dute interesgarria dela Ziurtagiria Lizarran eta inguruan zabaltzea.

Horretarako, Maria de Vicuña gaztelekuan atzo informazio bilera eskaini zuen Ziurtagiriko Elkarteko Arkaitzek. Bilerara 7 entitateko ordezkariak bertaratu ziren eta beste lauk haien interesa helarazi zuten nahiz eta bilerara ezin agertu bestelako eginbeharrengatik. Bilera euskara hutsean egin zen eta Ziurtagiriaren mamia azaldu ondoren zalantzak erantzuteko tartea zabaldu zen. Azkenik, Lizarratik egitasmoa sustatzen ari diren bi lagunek etorkizunerako asmoak labur antzean azaldu zituzten. Horrela, maiatzean Ziurtagiriarengana joko dute entitateek erakutsitako interes hori gauzatu ote den ikusteko eta dauden Ziurtagiridunekin (berriak zein lehendik zeudenak) etorkizunera begira aukera batzuk izan ahal direnak plazaratu zituzten: uda/negua baino lehen bilera egin urtero bi bilera egin Ziurtagiridunen harremana sustatzeko eta elkar laguntzeko, Ziurtagirien banaketa publikoa egin entitateetan horrela egindako esfortzua eta balioeste pragmatikoa handituz, Ziurtagiridunak lortzeko kanpaina egitea, erakusleihoen hizkuntza paisaian eragin, aldizkaritxo xumea sortu ea…

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena