Astelehenean, 19:30etik aurrera, Lizarra Ikastola eta Larraiza dantza taldearen eskutik, Gau Beltza Santiago plazan: Kuiekin jolas, txokolatada eta musika! Erre zenituzten dantza eginen du Larraiza dantza taldeak.
Ohitura zaharrak berreskuratzen, berrinterpretatzen, birsortzen eta balio etikoak erdigunera ekarriz. Kontsumismo eta kolonizazio kulturalaren aurrean: euskara, berrerabiltzea, komunitatea… Ea geratzeko etorri den ekitaldia den.
Negua hurbildu ahala, erritu paganoen zikloa hasten da: Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… eta Gau Beltza webgunean jaso bezala, “barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek”.
Erritu horiek Europa osoan ospatu dira, eta gurean ere badira horren testigantzak. Euskal Herrian ere, kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu dira, aurpegi itxura eman zaie, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jarri izan dira; “bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak“.
Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea. Baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino. Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, herriz herri hasiak dira berriz ere udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen: kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali, beldurra eragin..
Gehiago jakin nahi duzu? Baloreak lehen lerrora ekarri nahi dituzu? Hartu ekimena eta antolatu Gau Beltza, webgune honetan baliabide ugari dituzu: bideoak, kartel mutuak, ekintza proposamenak, unitate didaktikoa, eta askoz gehiago.
Izan ere, berreskurapena baino, ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea ari da izaten: antzinakoak kontuan hartuta, guretik nahi dugu Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dizkigun aukerak eta erakargarritasuna baliatuta.





