Asteburu betea izan da pasa berri den hau. Korrika 18ri bakarrik helduz hiru jai izan ditugu: Ameskoan eta Lokitzaldeko herrietan larunbatean eta Adioz-Muruzabal-Obanosen igandean. Ameskoan erran genezake Korrika jada hasi egin dela, Larraonatik Zudairera, Ameskoako herri gehienak igarota, 20 kilometrotik gora egin zituzten. Helduen ondotik txikiek izan zuten aukera, eta Korrika Txikia egiteaz gain puzgarri ikaragarriak izan zituzten saltoka aritzeko. Nola ez, Korrika arropa saltokia ere bertan izan zuten. Bazkaria eta gero, arratsaldean pailazoekin eta Modestorekin jarraitu zuen jaiak. Antzinen ere Korrika Txikia izan eta gero, bazkari herrikoi goxoa izan genuen … hori bai, bazkalostean izan zen zozketan baina ez genuen zorte onik izan; txartel piloa eskuratu arren, ez zitzaigun ezer egokitu! Arratsaldea kantu eta dantza artean igaro genuen ondotik.
Azkenik, igandean, Adiozetik (salda goxoa edanda abiatu ginen) Obanoserako Korrika Martxa izan genuen Izarbeibarren. Bertan, erdibidean, Muruzabalen geratu ginen eta Tortotxiki Fundazioko dantza taldeak ikuskizun ederra eskaini zigun. Horren ondotik hamaiketako goxoa hartu eta gero Mañeruko, Utergako, Lizarrako eta Garesko sei Mintzakide taldetako 17 ordezkarik elkar ezagutzeko aukera izan zuten jolas biren bitartez. Aurrenekoan izenak, urtebetetzeak ikasteko parada izan genuen eta bigarrenean, beti ere talde-arteko harremanak sustatze aldera, ligatzeko aukera izan genuen. Hauekin batera, larunbatean ere hainbat Mintzakidek elkar ezagutu zuten bai Antzingo zein Ameskoako Korrika Jaietan.
Argazki Galeria txikiak
Ameskoako Korrika Jaia | Lokitzaldeko Korrika Jaia | |
Adioz-Muruzabal-Obanoseko Korrika Martxa | Hiru Korrika Jaietan eskualdeko Mintzakideen argazkiak (10 taldetako 25 Mintzakide) |