Aste honetan… ahotsa protagonista kultur programazioan!

Astea euskaraz bete-betea dator Lizarrara, osotara hiru kultur ekitaldi, helduentzako bi eta familientzako bat. Lehena asteazkenean, Frai Diego Kultur Etxean, bigarrena ostiralean Los Llanos Kulturagunean eta azkenekoa larunbatean, musika eskolaren eta Ikastolaren arteko pasabide-lorategian.

Asteazkenean, 19:00etan Frai Diego Kultur Etxean, “Suak piztuko dira” poesia errezitaldi musikatua luxuzko protagonistekin: Mikel Soto, Irati Jimenez, Jon Alonso eta Pettirekin. Sarrera librea izanen da bete arte, eta ekitaldia, eguraldia ona bada, patioan izanen da, bestela areto nagusian. Baina, zer hobe protagonistetako baten gonbitea irakurri baino? Irati Jimenezek “Datorren asteazkenean Lizarran piztuko ditugu suak, Eugenio Soto zenaren herrian, Pettik, Jon Alonso, Mikel Sotok eta laurok. Gonbidatuta zaudete lizarren itzalpean poesiarekin bat egitera” eta Mikel Sotok, “Hunkigarria izango da aitaren herrian eta aitaren senide eta lagunen aurrean egitea. Eta polita, espero.”

Ostiralean, 18:30ean Los Llanos Kulturagunean, “Zapla!” bertso-jaialdia ekipo ederrak lagunduta: Ekain Alegre, Erika Lagoma, Julio Soto, Sarai Robles eta Oier Lakuntza bertsolari eta Alaitz Rekondo gai-jartzaile. Nafarroan osoan barreiatuko diren “Zapla!” bertso jaialdien  helburuetako bat dugu: “bertso saioen diseinuan berritu eta esperimentatzea, ohikotik harago egon daitezkeen ariketa, gai eta saio motak proposatuz” eta era berean, “bertsolaritzaren aniztasuna ere islatu nahi du egitasmoak, kultur adierazpen horren barruan egon daitezkeen saio mota ezberdinak bilduz“. Sarrerak jada 8 euroan eskuragarri.

Eta amaitzeko, ikusita aurreko saioa zeharo arrakastatsua izan zela giro eta parte hartze aldetik, Kantuz Txiki proposamen berri bat dakar Gareanek. Datorren larunbatean, eguerdiko 12:00etan Musika eskolaren eta Ikastolaren arteko pasabide-lorategian. Jakina, eguraldiak baldintzaturiko ekitaldia izanen da. Sarrera librea bete arte.

Eta ez ahaztu Gareanen irakurketa kanpainak aurrera jarraitzen duela, aste aparta kultura adierazpen ezberdinak uztartzeko: musika, poesia, bertsoak, eta liburuak!

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena