Apirilak 11, Lizarran: Amets Arzallus «Miñan» liburuarekin

Gaur, apirilaren 11 astelehena, Amets Arzallus Antia Lizarrara ekarriko du Garean elkarteak. Amets Arzallusek 2019an argitaratu zuen «Miñan» liburua, eta bertan Ibrahima Balderen bizipenak jaso ditu Afrikatik Europarako bide luzean. Hitzordua: astelehena 11, Gazteriaren etxeko ganbaran, 19:00etan.

Literatura Solasaldi hau Korrika Kulturalaren eta Irakurri, Gozatu, Bertan erosi eta Oparitu kanpainaren testuinguruan eginen da, lehenaren amaiera ezarriko du (igandean bertan amaituko baita Korrika, Donostian) eta bigarrenaren ekuatorea, martxoaren 15etik maiatzaren 31ra luzatuko baita irakurketa kanpaina.

Miñan, sinopsia:

  • Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.
  • Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera. Hitz egitean han balego bezala.

Miñan argitaratu eta hiru hilabete geroago, Amets Arzallusek Ibrahima Balderengana Madrilera egindako bisita bat du oinarri ikus-entzunezko honek. Ibrahima Balderen egunerokoa azaldu eta, bide batez, liburuaren nondik norakoez, ahozko literaturaz eta migranteen aferaz hausnartzen da bertan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena