“Akuarelak” erakusketa: Regino Etxabe margolari eta mintzakide

Urtetan AEKn ikasle eta Mintzakide sutsu izandakoak, Regino Etxabek, lorratz bat baino gehiago utzia du atzean. Besteak beste, berrehun akuarelatik gora apaintzen dituzte dozenaka eta dozenaka etxe. Familiak, bere oroiminez, bere akuarelen erakusketa antolatu du Frai Diego Kultur Etxean, urriaren 31n hasi eta azaroaren 21 bitarte.

Kultur Etxearen ordutegia:

  • Asteartetik ostiralera: 18:30-20:30
  • Larunbatean: 12:00-14:00 eta 18:30-20:30
  • Igande eta jaiegunetan: 12:00-14:00
  • Astelehena itxita

Familiaren testua eta eskuorria:

Pintatzen gogoratzen zaitugu beti, aita: etxean, karrikan, landa-eremuan. Zure akuarelen artean hazi ginen, eta lagundu egiten genizun bertatik bertara pintatzeko egiten zenituen irteeretan; are gehiago, modelo gisa aritzen ginen etxean. Hainbertzetan eskatzen zenigun geldi egon gintezen, gu marrazten zeniharduelako. Gero, adinean goiti egin genuelarik, zuk pintatzen jarraitzen zenuen, eta anai-arreben arteko lehia hasi zen, nork ze akuarela eraman, norberaren etxea apaintzeko: “Hori niretako”, “Ez, nik eskatua nuen lehenik” edo “Gorde hau, aita, nirea baita”.

Eta arras ongi gogoratzen dugu zenbat lagun etortzen ziren etxera, koadroak opari gisa hautatzera. Eta gogoan ditugu, halaber, zure erakusketak eta zure zalantzak prezioak ezartzerakoan. Oparitzea zen beti zure nahia. Eta bat salduz gero, bertze bat ematen zenuen oparian.

Eta 2022. urtearen hondarrean utzi gintuzularik, lagun horiek behin eta berriz oroitarazi ziguten gogoan zintuztela beti, akuarelaren bat zutelako egongelan, sukaldean edo bulegoan; eta harrigarria iduri badu ere, aunitzek erran ziguten beren etxeak zure koadroez beterik daudela. Hori dela eta, eskatu genien, faborez, atzenduxeak genituen koadro horien argazkiak igortzeko; eta, horri esker, partekatu ahal izan genituen akuarela eder horiekin loturiko hainbertze pasadizo.

Eta horixe izan da erakusketa hau egiteko abiaburua, horixe izan da bihotz eman diguna, finean, aitzina jotzeko egitasmo honekin: gogoratu eta partekatu egin nahi dugu zure lana zure lagunekin, zure senideekin eta hain begiko zenuen Kultur Etxe honetara etorriko diren guztiekin.

Gustatzen zaizkigu zure akuarelak, aita.

Xabi, Regino, Espe, Rosa eta Irati ETXABE, eta Rosa DIAZ.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena