Udal antolatzaileek Tafallan aurkeztu dute Ager Vasconum Literatur Lehiaketaren IX. edizioa. Lehiaketa Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko 12-30 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzendurik dago.
Sariaren helburuak
Euskaraz bizitzeko esparruak sortzeko premia nabarmendu dute, eta lehiaketaren helburuak azpimarratu dituzte, hain zuzen ere, euskaraz idazteko zaletasuna bultzatzea, literatura sorkuntza sustatzea, eskualdeko gazte literaturzale euskaldunak elkar ezagutzea eta tokiko ekimenak euskaraz sortzea.
Lehiaketaren epeak eta epaimahaia
Aldi berean, antolatzaileek 2026ko edizioaren epeak eman dituzte ezagutzera:
- Lanak aurkezteko azken eguna: apirilak 24.
- Epaimahaiaren erabakia: ekainaren 11n, Ager Vasconum eta Udalen web orriaren bidez jakinaraziko da.
- Sari banaketaren ekitaldia: ekainaren 18an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Garesko zubipean izanen da (eguraldi txarra eginez gero, Vinculo etxean).
2026ko edizioaren epaimahaikideak ondoko hauek dira:
- Urtzi Elorza, Nafarroan bizi den Barakaldoko idazlea.
- Amaia Aldanondo Perkaz (Zangoza), euskara irakasle eta Ager Vasconum edizio batean irabazle.
- Angel Erro Jimenez, Iruñeko idazlea.
- Castillo Suarez Garcia, Sakanako idazlea eta euskaltzaina.
Argibide guztiak Ager Vasconum webgunean daude. Bertan 2026ko oinarriak topatzeaz gain, lanak postaz bidaltzeko zerbitzua, karrikaratu diren argitalpenak eta saridunen hemeroteka eskuragarri daude, besteak beste.
Lehiaketa zifratan
Literatura lehiaketaren zortzi edizioetako zifrak hauxek dira: 1187 idazlan, 610 narratiban eta 474 poesian. Guztira 124 saridun. Agerikoa da, beraz, euskaraz idazteko grina eta gaitasuna dagoela Nafarroako hegoaldean, baita hamaika istorio euskaraz kontatu beharra ere.




