Abuztuaren 15ean, 23an eta 29an bisita bana egonen dira Karlismoaren Museoan. Adi, bi bisita ezberdin baitira. Lehena, erakusketa iraunkorrean izanen da, hurrengo biak, aldi baterako erakusketan: Irudikapenak.
- Abuztuaren 15ean, eguerdiko 12:30ean, doako bisita gidatua Karlismoaren museoko erakusketa iraunkorrera.
- Abuztuaren 23an, eguerdiko 12:00etan, doako bisita gidatua Karlismoaren museoko aldi baterako erakusketan: Irudikapenak.
- Abuztuaren 29an, arratsaldeko 17:00etan, doako bisita gidatua Karlismoaren museoko aldi baterako erakusketan: Irudikapenak.
Guztiak doakoak. 25 lagun gehienez / Aldez aurretik erreserbatu nahi izatekotan: T. 948 55 21 11

Irudikapenak aldi baterako erakusketa bi bloketan egituratzen da.
Lehenengoan, karlismoaren irudiaren eraikuntza aztertzen da, bereziki 1820ko hamarkadatik aurrera, Karlos Maria Isidro Borboiko infantearen aldeko mugimendu gisa, Espainiako tronurako alternatiba moduan, fernandinoen eta karlisten arteko dilema planteatzen den garaian. Irudien eta ideien bidez azaltzen da nola izan zen bilakaera, Espainiako infante izatetik, tronurako hautagai izatera eta ondoren lider politiko gisa ulertua izatera.
Haiekin batera, arreta berezia eskaintzen zaie hainbat emakumeri, zeinen papera erabakigarria izan baitzen karlismoaren errepresentazioan, eta ezinbestekoak izan baitziren idealaren konfigurazioan. Mugimenduko figura esanguratsu hauekin batera, erakusketak gizonen, emakumeen eta haurren errepresentazioa ere aztertzen du karlismoan, estereotipoen eta itxuraren bidez, baita jarduera kolektiboaren bidez ere: zirkuluetan, erreketea edo margariten eta pelayoen elkarteak.
Bigarren blokean, karlismoaren errepresentazioan erabilitako ikurrak aztertzen dira, garai bakoitzeko kultura bisualetik hartuak, eta karlismoak bereganatu eta egokitu zituenak, batzuetan bere kausarentzat esklusibo bihurtzeraino. Ideiek, leloek, irudiek, debozioek, musikak eta sinboloek bisitaria gonbidatzen dute mugimenduaren errepresentazioari, haren bilakaerari eta interpretazio aniztasunari buruzko iritzi propioa osatzera.




