Abartzuzako herri eskola, keinuen hizkuntzan egindako bideoa

bideoa
(klikatu irudiaren gainean bideo eder hau ikusteko)

Abartzuza, Lizarratik 7 kilometro eskasera dagoen 548 biztanleko udalerria da. Bertan herri eskola daukate eta, nahiz eta 1986ko euskararen legearen arabera eremu mistoa egokitu zaien eta, hortaz, haurrei euskaraz ikasteko eskubidea aitortzen zaien, ezin dute herriko eskolan egin. Horren ordez gurasoek aukeratu behar dute euren herrian ikasi, Abartzuzan, edo egunero haurrak Lizarrara bidali. Horrela, 11 haurrek bide hori egiten dute egunero (2011/2012 ikasturtean). Antzeko egoeran dago Lezaungo herri eskola ere, baina azken hau Lizarratik 17 kilometrotara (beraz, eguneroko joan etorria gutxienez 34 kilometro), 850 metrotako altueran (Urbasa-Andiaren magalean, elurteak, eguraldi kaxkarra ohikoak dira) eta herri txikiagoa izanik (264 biztanle, Abartzuzaren erdia), herri honen egoera latzagoa bilakatzen du.

Abartzuzako eskolako komunitateak “eskola berria eskatzen du, nagusiki bi arrazoiengatik: gaur egun dutenak gutxieneko baldintzarik betetzen ez duelako, oso zaharra baita, eta ez duelako ematen gurasoek eskatzen dutena (D eredua, jantokia, haur eskola zerbitzua, eskolaz kanpoko jarduerak…).” Horrela, eskola berria eraikita, herri-eskola eskualde eskola bilakatu liteke (Deierri, Gesalatz, Jaitz … udalerriekin edo) eta D eredua eskainita haur-kopuruan gora egin lezakete eta zerbitzu hobea eskaini. Hori dela eta grabatu dute zeinuen hizkuntzan bideo eder hau. Honek ere oihartzuna izan zuen albiste honekin.

Atzoko blogeko albistean, gure eskualdeko herrien despopulazioaz hitz egitean, Gaindegiak honakoa zioen: “ezinbestekoa dugu zerbitzuetarako irisgarritasuna ahalbidetuko duen lurralde politika izatea“. Ez dirudi ba politikarik eraginkorrena ageriko eskari baten aurrean zerbitzu eta eskubide bati, zure herrian euskaraz ikastekoa hain zuzen ere, Gobernuak uko egitea. Gogoan ditugu ondoko herrietako, Ziraukiko eta Mañeruko, eskoletan gertatutakoa. Nafarroako Gobernuak euskara eskaini ez eta herri-eskolak hustu ziren; azkenean, itxi egin zituzten eta haurrak Garesera doaz. Gehien gehienak euskarazko murgiltze eredura. Azken finean, Abartzuza, Lezaun, Mañeru eta Ziraukiko egoerak ezberdinak izan arren, honek Bilatortan eginen den jaiarekin harreman zuzena du, borondate kontua baita euskara herri eskolan eskaintzea eta ez lege kontua.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena