(Urriko Txokolipuinak, Irakurle Kluba, Kantuz eta Kantuz Txiki)
Udazkena bete-betean etorri zaigu gainera aste honetan eta horrekin batera, azaro amaiera izanik, Ander Deuna feriak Lizarran. Eguraldia hotz izanagatik ere, euskararen agenda bero-bero dago. Ez bat, ez bi, ez hiru, ezta lau ere, bost euskarazko jarduera ditugu Gareanen eskutik. Adin guztietarako gainera.
Asteazkenean txikienek Txokolipuinak izanen dute imajinazioarekin hegan egiteko; ostegunean, berriz, helduek eginen dute hegan Irakurle Klubean; ostiralean bertso afari mundiala Gure Hizkuntza elkartean; eta larunbatean Kantuz Txiki eta Kantuz izanen ditugu belarrien gozagarri. Hemen zehaztapen handiagoarekin:
Asteazken honetan, 18:00etan, Txokolipuinak izanen dugu, ikasturteko bigarren saioa. Ipuin sorta ederra izanen dugu Haur Hezkuntza 3. mailako eta Lehen Hezkuntza 1 eta 2 mailetako haurrei eskainia, bi euroan, askari goxoa eta Ines Bengoa ipuin kontalaria.
Ostegunean, aldiz, Irakurle Klubaren txanda izanen da. Ohi bezala 19:30ean Liburutegian, oraingo honetan Unai Elorriagaren “Iazko hezurrak” eleberria izanen dute hizketa gai.
Ostiralean, 21:30etik aurrera, Bertso-afaria izanen dugu Gure Hizkuntza elkartean. Bi txapeldun handi etorriko zaizkigu, Julio Soto eta Andoni Egaña. Sarrerak salgai izanen dituzue oraindik Katxetas, Ino, Ikastola eta euskaltegian.
Larunbatean, berriz, bi kantu saio izanen ditugu. Aurrena, 18:30ean, Kantuz Txiki izanen dugu Baxe Nafarroa kaletik abiatuta. Ohiko Kantuz-a baina haurrei egokituta, abesti eta dantza egin dezagun haiekin!
Egun berean, baina jarraian, 19:30etan, ohi bezala Lizarran Kantuz abiatuko da Baxe Nafarroa kaletik. Kantu alaian Santiago enparantza, Foru enparantza eta alde zaharra zeharkatu ondoren Baxe Nafarroa kalean amaituko da.



