Ezohiko kontzertuak ezohiko jendea ere erakarri zuen. Mursegoren bat-bateko musika sorkuntzak liluratu gintuen ezagun eta ezezagunak Lizarrako gazteriaren etxeko ganbaran: soinu, hots eta doinuek; mugimendu, keinu eta koloreek; hitz, zurrumurru eta erreferentziek; ulertutakoek zein ulergaitzek. Horiek guztiek giro berezia sortu zuten airean.
Ia ehun lagun elkartu ginen Gareanek eta Udalak antolatutako ekimen zoragarrian. Aipatzea bestalde ia bi urtez kontzertua Lizarrara ekartzeko gogoz ibili dela eta, azkenean, kointzidentzia bitxi batekin iritsi zaigula: ostiralean estreinatu zen Amama filma eta bertan ikusi ahal izan genuen Mursego bera pelikularen zenbait pasartetan (eta nola ez, filmaren musikan).



