
Aurrekoan Mendigorria, Artaxoa, Iturriaga eta Larragako gurasoek egin bezala gaurkoan, Beriaingo, Tiebaseko, eta Elortz bailarako guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Erregistroan 30 eskaera baino gehiago bideratu dituzte Hezkuntza Departamentura. Hirurogei haur eta hogeita hamar familia baino gehiago dira, ezin izan dutenak haien seme-alabak euskaraz matrikulatu.

Nafarroako zonalde “ez-euskaldunean” bizi diren familiak dira, “Vascuencearen Legea” dela eta gastu ekonomiko ikaragarri bati aurre egitera behartuak daudenak. Batzuetan haien kotxeetan haurrak eramaten, bestetan gurasoen artean haur eta lehen hezkuntzakoekin autobus bat antolatzen, eta baita Tiebasetik Beriainera mugitzen autobus hori hartu ahal izateko… edota eguerditan eskoletako jantoki zerbitzua erabili beharra, inolako diru-laguntzarik gabe (ezta Kontzentrazio-eskoletan dutenaren antzekoa ere ez diete ematen). Ulergaitza.
Horregatik, guraso hauek babesa exijitzen dute “Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea dugulako, Nafarroako Gobernu berriari, hizkuntz-eskubiderik gabeko familia hauei“, batetik “gastu ekonomikoari aurre egiten” eta bestetik “herrietan D eredua zabaltzen“.
Gauza batzuek ezin dute “progresibotasunaren” menpe egon. Orain gutxi aipatu zidaten Lizarraldeko guraso baten kasua, lana mantendu eta haurrak euskaraz ikastearen artean aukeratu behar izan du. Euskara aukeratu omen du, zenbatek har dezakete hautu hori?
Alfredo



