|
Gurea herri eleanitza izan da hiria denetik; amak magalean emandako euskara, erromesek ekarritako okzitaniera, bertakotutako urruneko merkatariek zerabilten hebreera, historiaren gora-beherek zabaldutako gaztelania… Hiri honek, bere tamaina txikian, ez du galdu berezkoa duen nolabaiteko izaera kosmopolita hori, gaur egun ere aberasten gaituzten hamarnaka kultura eta ama hizkuntza ditugu bertan.
Hainbeste kulturarentzako bizileku izanik, ez da harritzekoa hiriak berak izendapen anitz ezagutu izana. Batzuen artean Toledo euskalduna deitu izan zaio, Ega ondoko hiria, karlismoaren hiriburu eta Estella la Bella tituluak ere eskuratu ditu. Baina, gauza batek, bakar batek, eutsi dio denboraren joan-etorri etengabeari: Lizarrak. Ega ondoko hiriak XIX. mendean euskal komunitatea galdu izanaren samina gauza bakarrak senda zezakeen, eta harrezkeroztik hala ari gara egiten. Lizarra jatorriz berea duen hizkuntzaren berreskuratzean eredugarri dugu Euskal Herrian. Ezina ekinez egina ba omen diote. Beraz, AEK-k prestaturiko asteburuko hiri barnetegi honetan, euskararen eskutik gidatuko zaitugu: Gobernadorearen Jauregi ederrean barrena Karlismoaren museoa bisitatuko dugu; antzina nafar erresuma babestu zuten hiru gazteluen arrastoen artean paseatuko gara; kale eta parkeetan gorderik dauden txoko intimoak deskubrituko ditugu; eta, azken finean, gure hirian euskararen erabilera errazte aldera, ginkana eta jolas dibertigarrien bitartez ezkutuko Lizarra euskalduna azaleraziko dizugu. Bertan, urtean zehar ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera izango duzuelarik. Aipatua aipatuagatik ere, hitzek ezinen dute inoiz ordezkatu esperientziek sentiarazten dutena. Horrela, mezu bakarrean laburbil dezakegu egiten dizugun gonbita: zatoz eta ezagutu Lizarra, eta ezagutuz, gozatu. A2 mailatik aurrera, maiatzaren 17 eta 18an Lizarran izanen gaituzu, zatoz. |
UDABERRIKO ASTEBURUKO BARNETEGIAK
|
Azkeneko ikasturteetan bezala, aurten ere udaberriko asteburuko barnetegiak antolatu ditugu. Asteburu bat baino gehiago da eskaintzen duguna. Euskaraz aritzeko asteburu bat da eskaintzen duguna. Erabileran eta ikas prozesuan sakontzeko aukera ezin hobea. Edozein euskaldunentzat zuzendutako barnetegiak dira. Euskalduntzea bukatu duten horiek, euskalduntzen ari diren horiek, ikasten hasi eta utzi duten horiek… euskara praktikatu nahi duen orok aukera aparta du. Bikoteak, ezagunak, lagunak, ezezagunak, beste euskaltegi bateko ikaskidea, ikastolako lagun ohia… horiek guztiak dira barnetegi hauetan topatuko ditugun lagunak. Euskal Herria luze zabal honetako lurralde ezberdinetatik etorritakoak. Guztiak euskaraz hitz egiteko egarri. Euskara erabiltzea baita bertaratzen direnen xede nagusia. Asteburuari zukua ateratzeko prest hurbiltzen dira.
Esan bezala, euskara ikasten ari den jendearentzat aukera ezin hobea da beraien ikas prozesuan aurrera pausuak emateko. Klasean ikasi dugun guztia praktikan jartzeko beste aukera bat. Euskara ikasten ari denarentzat ezinbesteko bultzada ekarriko du: astean barna euskaltegira, Hizkuntza Eskola edota bere kasa euskara ikasten aritu ondoren, asteburuan ere euskaraz ikasi eta bizitzeko aukera paregabea izanen dutelako. Asteburua pasata klasera itzultzen direnean, desberdin sentituko dira. Hizkuntza bat erabiltzea da hizkuntza bat ikasteko modurik onena. Guk hori eskainiko diegu; benetako egoera batean euskara erabiltzen irakatsiko ditugu. Euskara erabiltzeko aukera paregabea izanen dute asteburu batez. Askatzen hasi edo mugak gainditzeko. Gure egoera berean dagoen jendearekin hitz egiteko eta ezagutzeko aukera aparta izanen du jendeak. 60 orduz barra barra euskaraz arituko gara. Asteburu hauek Arantzan pasako ditugu. Nafarroan kokatutako herri txiki bat. Euskaldun peto petoa, euskara txoko guztietan entzunen dugun herria. Udaberrian izanen da. Maiatzean hain zuzen ere. Aurten bi asteburutan izanen dugu aukera Arantzan. Honi hilabete berean eginen dugun hiri barnetegia gehitu behar zaio. Lizarran izanen den hiri barnetegia. |






