Gau Beltzaren inguruko mikroipuin lehiaketa

TEDERek Gau Beltzaren inguruko mikroipuin lehiaketa antolatu du Estellerri osorako. Aspaldiko tokiko ohiturak eskualdean berreskuratzeko eta eskuz idazteari garrantzia emateko sortu da ekimena.

Estellerriko Ekintza Taldeak tokiko ohituren berreskurapenean eta, garai digital hauetan, eskuz idazten jarraitzeko garrantzian sakondu nahi du mikroipuin lehiaketa berri honen bitartez.

Izan ere, badira gure herrietan galdu, edo galtzeko zorian dauden euskal ohiturak, eta horiek berreskuratze aldera herri desberdinetan hainbat saiakera eta lan burutzen ari dira. Ekimen honek horiek indartu nahi ditu, kasu honetan, Gau Beltzaren berreskurapenean egiten ari direnak.

Estellerriko Gau Beltzan girotutako mikroipuin lehiaketa

Nori zuzendua eta kategoriak? Estellerriko LH3tik aurrera. Kategoriak: LH 3-4, LH 5-6, DBH 1-2, DBH 3-4 eta 16 urtetik aurrera.

Idazlanak aurkezteko epea: 2026ko urriaren 5etik 19ra, biak barne.

Prozesuaren urratsak:

  1. Idazteko txantiloi-orriak eskuratu D eta A ereduetako ikastetxeetan; Sesma, Lodosa, Allo, Oteitza, Viana edo Estella-Lizarrako liburutegi publikoetan; TEDERen web gunean.
  2. Gehienez bi orrialde eskuz idatzi, gaia Gau Beltza eta Estellerrian girotua. Noski, lanak originalak eta euskaraz izango dira.
  3. Lanak ematea: Aurretik aipatu herrietako liburutegi publikoetara joan, gutun-azalak eskatu, datu-fitxa bete eta bertan emango dizkizuten urratsak bete ondoren, bertan utzi.
  4. Irabazleak urriaren 31n arratsaldean, Gau Beltzaren harira Estella-Lizarrako Santiago plazan ospatuko diren ekitaldien barne iragarriko dira.
  5. Irabazleen lanak ozen irakurriko dira eta Txalaparta argitaletxeak, zein beste babesle batzuek emandako opariak jasoko dituzte irabazleek.

Ekimena eskualdeko hainbat ikastetxetan indartuko da Josu Ozaita antoropologoak idatzitako Gau Beltza liburuaren bitartez.

TEDERetik eskualdeko herritar euskaldunak parte hartzera animatu nahi ditu, beraien sormenari bide emanez eta, bide batez, “oso gureak diren ohiturak eta hizkuntza berreskuratuz eta zabalduz”.

Antolatzailea: TEDER. Babesleak: Lizarra Ikastola eta Txalaparta argitaletxea.

Aurreko artikuluaDatorren asteburuan helduentzako zinema: Inurri itsuak