Onintze Arrastia Mauleon (2004, Arellano) idazle gaztearen hitzekin gozatuko dugu Kotarro aldizkariko atal honetan, berak idatzitako ipuinen bitartez. Txikitatik datorkio idazteko afizioa, irakurtzeko afizioarekin batera. Azken hori amaren partetik etorri dela esan daiteke, amaren familian oso errotua egon baita beti zaletasun hori. Ipuinak bere kabuz idatziz hasi zen lehendabizi, lehiaketetan parte hartzea erabaki zuen arte. Ager Vasconum literatur lehiaketan saritua izan da 2018, 2021, 2022, 2023 eta 2024 urteetan eta Urruzuno literatur lehiaketan 2021. urtean.
Kotarro aldizkariaren 61 zenbakian argitaratu zuen bere lehen ipuina guretzat, eta horrek eman dio izena atal berri honi: 5 hitz. Kotarro 74 honetan: «Ez dago amaierarik».
Ez dago amaierarik
Amildegi batetik erortzen nintzela amestu nuen behin.
Bueno, behin baino, askotan. Erori eta erori. Amets guztiak horrelakoak dira azken aldian. Eta amets horietatik esnatzen naizen aldiro, zera galdetzen diot neure buruari: «Nork bultzatu nau?» Ezjakintasunaren afera. Baina afera hau ez da Onintzeren afera, zeren eta zure afera ere izan baitaiteke; lerro xume hauek irakurtzen dituzun horrena, hain zuzen.
Uste dut hau ez dela hasierarik onena idazki baterako, baina ezjakintasunean dabilen pertsona batentzat ez dago argitasunik horren inguruan: ez dago hasierarik, ez amaierarik. Maiatza da, eta maiatza guztien gisan, amaiera bat datorrela ematen du. Aurten, ordea, ematen du ez datorrela amaierarik (eta hasierarik?).
Amildegia irudikatzeak badauka sinbolikotik haratagoko zerbait. Irudi hori ez da soilik nire ametsgaiztoan agertzen dena, bestela ez litzateke artelan guztietan ageriko (eta auskalo zein diren obra horien artisten ametsak). Salto egin edo bultzatua izan, hortan datza ezjakintasunaren afera.
Erabakitzeko ahalmenak markatzen duen erabaki korapilatsua. Salto egiteko hautua egin eta borondatearen kontrako bultzada. Txosnak jarri nahi izateko hautua eta debeku autoritarioa. Euskaraz mintzatzeko nahia eta ezintasuna. Ikasturtea garbi bukatzeko beharra eta oztopo akademikoak. Maiatza da, baina ez dago amaierarik.
Eta ekainak beharbada zebaiten hasiera esan nahi du, baina ez dago jakiterik. Jakitun gutxi batzuek soilik baitakite hori.




