Kotarro aldizkariko Euskararen memoria guneak Estellerrian atal finkoari 68. Kotarron (2024) ekin genion. Lehenbiziko ale hartan Bargagorria izeneko kokalekuari eta toponimoari buruz aritu ginen eta, hain zuzen ere, Bargagorria ezizenez idazten du gure kolaboratzaileak.
Atal honen asmoa da gure eskualdean euskarak utzitako aztarnak eta lekuak lotzea, euskararen memoria-lekuak identifikatzea eta poliki-poliki bertako euskaldun euskaltzaleen identitatea sendotzea toki fisikoak eta historia lotuz. Kotarro 70 honetan «Santiago plaza» ezagutuko dugu.
Santiago plaza
Lizarrako Santiago plazan egonik, aise irudikatzen ahal dugu euskararen xuxurla, Estellerriko herri aunitzetako tratulariak arribatzen zirelarik ferietara. Irujotarren euskaltzaletasunaren lorratza ere ezin saihestezkoa da plaza horretan, gaur egun Biltoki taberna dagoen etxean sortu baitziren familia horretako zenbait senide.
Alde batetik, Daniel Irujo Urra (1864-1911), euskal abertzaletasunaren aitzindarietako bat. Bertzetik, bere hiru semeak: Andrés (1907-1993), Ekin argitaletxearen sortzailetako bat; Pello (1910-1983), Eusko Abertzale Ekintzako kidea; eta Manuel (1891-1981), Lizarrako Euskal Etxearen sortzailea, Espainiako Errepublikako Justizia ministroa, eta erreferentziazko nafar politikari abertzalea.
Historia alde batean utzirik, garbi dagoena da Santiago plaza Lizarrako festetako euskara gunea dela, inola ere. 1975ean, Ikastolako barraka bertan festetan paratu zenetik, euskararen txokoa izan da, euskal musikaren gotorlekua (Modesto, Gozategi…), euskaltzaleon topagunea, finean. Geroago, 2007an, Garean Euskaldunon Elkartearen programazioak aberastu egin zuen euskaldunondako eskaintza, eta festetako larunbateko Irrintzi txapelketa azkar laketu zen bertan. Eta 2015ean, La Bota peñak bere barraka plazaren bertze alde batean jarri zuenetik, piztu egin zen Ikastola, Garean eta La Botaren arteko auzolan emankorra, eta euskaldunok, hirutariko esparru horri esker, aukera paregabea izan dugu hondar urteetan euskaraz xarmanki aritzeko, kantatzeko, dantzatzeko eta poteatzeko.
Baina, zoritxarrez, aurten [2024], UPNko agintariek iragan ilun eta erreakzionariora eraman nahi izan gaituzte; izan ere, La Bota peñari ez diote baimenik eman nahi izan bere barraka jartzeko, eta horrek mina eta haserrea sortu du Lizarrako euskaldun aunitzen artean. Bargagorriren ustez, ez dute gustuko Santiago plazan sortzen den euskal giroa. Baina euskaldunok gero eta gehiago gara, eta gure esku dago euskara gehiago aditzea Lizarra osoan. Gurea da etorkizuna!





