Urtez urte Gau Beltza indarra hartzen ari da, eta oraindik ere Halloweenekin lehiatu ezin badu, apurka-apurka bere lekua egiten ari da. Urriaren 31n Remontibalen Lehen Hezkuntzako haurrek bildutako beldurrak erre zituzten eta Lizarra Ikastolak arratsaldeko egitaraua antolatu zuen, bai jolastokian, bai kalean: Kantuz, pintxopote, kalejira, fotokola, musika, dantza…
«Ohitura bat ez da fosil bat. Ederra da erritu berriak sortzea eta tradizio berriak asmatzea». Josu Ozaitaren hitzak ziren aurrekoak, Gau Beltza Edo Arimen Gaua ez da «berreskuratzen» ari den erritua, baizik berrinterpretatzen edo berrasmatzen ari dena, eta «Heriotza kudeatzeko erritu berriak ere sortu beharko genituzke». «Gau beltza beltzago» Berria egunkarian Kristina Berasainen eskutik.
Gau Beltzak euskal kulturako hainbat elementu gaurkotu ditu: gaztainak jatea, puskak biltzea, bertako beldurrezko istorioak jasotzea, eta baita kalabazak hartu, hustu eta barruan kandelak piztea ere. Eta are eta urrunago eramanen bagenu Lizarran?



























