Liburuen aholkuak: Sugeak txoriari begiratzen eta Blar Gloria

IGBO kanpainaren barruan liburu-aholku berriak Lizarraldeko bi irakurzaleren eskutik. Pazko asterako aukera bikaina!

Marko Migliacciok Bernardo Atxagaren SUGEAK TXORIARI BEGIRATZEN DIONEAN aholkatzen digu:

Ipuin luze bat baino ez da, baina Atxagak, Borgesek bezala, ongi daki ipuin bat baino ez dela behar mundu bat sortzeko. Bat… edo gehiago. Hamalau urteko mutikoa, Sebastian, joan da uda pasatzera bere izebaren etxean, Obaba herri txikian. Han bizi da bere aitona Martin, animalien hizkuntza dakiena. Sebastianen nerabezaroaren begietatik aurki ditzakegu Obabako mundua, aitona Martinen mundua eta animalien mundua. Hirurak intersekzionatzen dira unibertso bizi eta aberats bat osatzeko. Animaliekin beti hitz egin nahi izan dugunoi ezinezkoa zaigu kontu hunkigarri hau ez gustatzea.

Maialen Caminok Nerea Ibarzalaben BAR GLORIA,aholkatzen digu:

Nerea Ibarzabalen “Bar Gloria” eleberria gomendatuko dizuet. Lehendik ere bertsolaritzagatik aski ezaguna bada ere, bizkaitarraren lehen nobela da hau. Hitzekin duen abilezia maiz erakutsi du bertsotan eta lan honetan ere gauza nabaria da.
Herri industrial bateko ostatu bat ardatz (Bar Gloria) hiru nerabe protagonisten nondik norakoak kontatzen ditu, baserritik herrira, edota atzerritik Euskal Herrira etorritakoen istorioak. Eguneroko bizitzaren kontaketa izanik, oso hurbileko sentitu dut. Era berean, ekintza eta gertaera ugari egoteak irakurgrin hori piztu dit. Irakurketa erraza, arina eta entretenigarria. Erabat gomendagarria.

Aurreko artikuluaBi bisita gidatu euskaraz Karlismoaren museoan
Hurrengo artikuluaLiburu aurkezpena eta solasaldia: Gureak ere badira