2020ko Bardoen finala Lizarran jokatu zen larunbatean eta aretoa lepo bete zen. Edukiera mugak direla eta ezin izan zen bildu jende gehiago baina 100 ikuslek gozatu ederra hartu zuten Berako ‘Lamixene’, Malerreka-Baztango ‘Bertsonautak’ eta Leitzako ‘Atekaberts komeni’ taldeekin. Azkenean, ‘Bertsonautak’ taldekoak izendatu dituzte txapeldun.
Inoizko Bardoen txapelketarik luzeena izan da aurtengoa, urtarrilaren 31n abiatu eta urriaren 17an abiatu, hamar hilabete, tartean zazpi hilabeteko etena izanik Covid-19 dela-eta. Azken hilabeteotan bata bestearen atzetik etorri dira euskararen aldeko jai erraldoiak bertan behera uztea, 2021eko udaberriko Korrika azkena, beraz Bardoei amaiera eman ahal izatea garaipen txiki bat da antolatzaile eta bertsozaleentzat.
Nafarroako taldekako bertsolari txapelketako finala herrialde honetako Bertsozale Elkarteak Lizarra Ikastolarekin eta Nafarroa Oinez-kin elkarlanean antolatu du, eta laguntzaile izan ditu ere Lizarrako Bertso Eskola eta Lizarrako Udala.

Bertso saioaren kronika (Nafarroako Bertsozale Elkartearen eskutik)
Hasierako agurrek jarri diote abiapuntua saioari. Musikak lagunduta, aurkezpenerako baliatu dute taldeek agurra. Horren ostean, ofizioen txandari heldu diote. Zortziko handian, Aitor Elexpuru eta Iker Gorosterrazu aritu dira kantari, bihar Lizarran Nafarroa Oinez-a ospatu beharko litzatekeela eta, arduratuta lehena, eta erabat ahaztua bigarrena. Zortziko txikian, bi birusen larrutan aritu dira Alazne Untxalo eta Aitzol Eizmendi; gripe arruntaren birusa bata, eta koronabirusarena bestea. Seiko motzean, Julen Zelaieta eta Miel Mari Elosegi “Luze” ibili dira bertsotan, kontaktuak miatzen dituen Radar Covid aplikazioaren harira.
Hiruna punturi erantzun diote gero Iker Gorosterrazuk, Xabat Illarregik eta Patxi Castillok. Ondoren, hurrenez hurren, poltsa beroari, festetako txanoari eta Korrikako petoari bertso bana kantatu diote Julen Zelaietak, Alazne Untxalok eta Miel Mari Elosegi “Luze”-k. Horren ostean, koplen ariketan, kantuan aritu dira Egoitz Gorosterrazu, Ekhiñe Zapiain eta Ane Intxausti. Aplikazio anonimo baten bitartez, hiruko sexuala egiteko gelditu dira hirurak, eta agertu direnean ohartu dira txikitako ikaskideak direla.
Bertsonautak taldea garaile
‘Bat, bi, hiru’ jolasean, binaka aritu dira hiru taldetako kideak, gai-jartzaileak emandako zerrendari, habanera doinuan puntuka, ahalik eta hitz gehien eransten. Zuhaitz motak bildu behar izan dituzte Lamixene-koek, etxeko tresnak Bertsonautek, eta koloreak Atekaberts Komeni-koak. Ondoren, bakarka aritu dira Alazne Untxalo, Xabat Illarregi eta Patxi Castillo, gaia emanda.
Hiruko ofizioan, haur jaioberri beraren beldurra, ilusioa eta harridura izan dira, hurrenez hurren, Miel Mari Elosegi “Luze”, Ekhiñe Zapiain eta Egoitz Gorosterrazu. Ostean, eta saio puntuagarriari amaiera emateko, puntuka aritu dira hiru taldeak. Lamixene taldekoek, osasun neurrien ondorioz kontzertua eserita ikusi behar duten heavy zaleak gorpuztu dituzte. Bertsonautak delitu baten errekonozimendu erronda baterako deitutako boluntarioak izan dira. Atekaberts komeni taldekoak, azkenik, igogailuan itxita gelditu diren bizilagunen paperetik aritu dira.
Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta jakinarazi dute talde irabazlearen izena. Orduan izendatu dute Bertsonautak taldea 2020ko Bardoetako txapeldun. Lizarrako Bertso Eskolako eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko hainbat ordezkarik banatu dituzte sariak. Horien ostean, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu da saioa.




