3 albiste pozgarri euskararekin: xendra edo autopista, euskarak bide egin du

Ohikoa izaten da euskararen inguruko albisteak irakurtzean, eta bereziki Nafarroan baldin badute iturburua, ezkorrak izatea. Semaforoen moduan, erne ibiltzeko, adi egoteko eta indarra hartu eta kementsu ekiteko baliagarri zaizkigu. Gertaerak, eta haien kontaerak.

Zorionez, gure ingurunean honako asteak ez bat, ez bi, baizik eta hiru albiste pozgarri edo sasipozgarri ekarri dizkigu. Haien abiapuntu zentsura, eskubide ukazioa edota zero betebeharra badira ere, pozgarria izan da ikustea traba horiek gainditu edo gainditze bidean jarri direla.

“Hamalaugarren D eredua” Mendigorria izan da. Herrigorriko Otxandoren hitzetan «D eredua lortzeko zer egin dugun ikusita, agian askok atzera egingo dute», eta, beraz, Zenbat Mendigorria gehiago?. Egia. Baina bitartean ospatu dezagun guraso ekintzaile hauen indarra, Behatokiaren laguntza eta aurtengo arrakasta.

Lizarrako udalak erabaki zuen betebeharrak zituela bere hiritarrekiko, eta hala jaso zuen euskararen ordenantzan. Herritarrei dituzten eskubide batzuk aitortzean betebeharrak aitortzea ekarri zuen, eta horiek ezin eraginkortasunez bete ez bada Udalaren zerbitzuetan eta hauek ematen dituzten langileen prestakuntzan jasotzen. Oraingoen prestakuntzan, eta etorkizunekoei eskatu zaizkien ezagutzetan. Horregatik berri pozgarria da plantilla organikoan jasotzen hasi izana eta honelako lerroburuak irakurtzea aste honetan: “Estella-Lizarra dirá no a las alegaciones de Navarra Suma sobre el euskera en la plantilla“. Luze joko du honek.

Azkenik, iaz Navarra Sumak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen urteroko ikuskizuna zentsuratu zuen Lizarran. Zorionez, hamabigarren emanaldi hori egin egin zen, Oteitzako herritarrek abegitsu hartu baitzituzten Iturtxipia kiroldegian, ekitaldi apoteosikoa izan zen.

Aurten, ordea, ez da izan euskarafobiaren pandemia zailtasunak jarri dituena, Covid-19rena baizik. Hala ere urtero bezala Lizarraldeko familiek pailazo maitagarri hauekin asteazkenean gozatu ahal izan zuten, ze egungo alkateak dioen bezala “(…) urtebeteko diferentzia dago… eta Alkatetza aldaketa bat, jakina! Betoak atzean utzita, gaur Lizarran ongi etorri berriz ere!“, baina aldatu ez dena da familien gogo eta apustua. Haiek hala eskatu bitartean, pailazoak geurean izanen dira.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena