2026ko festa txikiak: Galderak kintoei eta egitaraua

Urtero, urteko «kintak» —28 urte inguruko gazteek osatua— Puyko festaren inguruan ospatzen den Gazteriaren festa antolatzen du. Aurtengo kintako hainbat ordezkarirekin hitz egin dugu.

Zergatik erabaki zenuten Kintan sartzea? Zer esannahi du zuentzat bertan egoteak?

Belaunaldi-erreleboa sustatzeko eta gazteek antolatutako eta gazteentzat pentsatutako festak izan daitezen. Antolakuntzak dakarren erantzukizuna eta konpromisoa sentitu dugu, hainbat kuadrillatako kideak izanik, bakoitzaren egoera pertsonalak kontuan hartuta, antolaketa konplexua izan bada ere, aldi berean oso aberasgarria izan da.

Lizarrako Gazteriaren festetara etorrita, ezinezkoa da gazteentzako programazio perfektua lortzea, baina, horra bidean, zein irizpide edo bide-orri jarraitzen duzue ekintzak antolatzerako orduan?

Aurreko urteetan egindako jardueretan pixka bat oinarritu gara, gure ekarpena egiten saiatuz eta, gazteen artean harrera ona izango dutela uste dugun jarduerak proposatuz. Hauen artean bakarrizketa edo txaranga, eta horiek aurrera eraman ahal izateko geneuzkan baliabide material, ekonomiko eta giza baliabideetara egokitzen saiatuz.

Lizarran gazteentzako dagoen aisialdiari dagokionez, nola ikusten duzue egoera? Zein indargune eta hutsune identifikatzen dituzue?

Badira adin-talde jakin batzuk, hala nola aurre-nerabeak, gure ustez ezin dituztenak beren adinari eta interes-kezkari egokitutako zerbitzu eta jarduerak behar bezala gozatu. Era berean, jarduera soziokulturalak garatzeko espazio egokien falta dagoela uste dugu. Askotan, instituzioen aldetik —bereziki Udalaren aldetik— pedagogia handiagoa ere falta izaten da, jarduera horiek egin ahal izateko aurrez beharrezkoak diren izapideei, baimenen eskaerari eta bestelako eskakizunei dagokienez.

Gazteon artean euskararen erabilera bultzatzeko, zer egingo zenukete?

Gazteei zein hain gazteak ez diren pertsonei hizkuntza gerturatzeko jarduerak egiten saiatzen gara. Kasu honetan, adibidez, bakarrizketa bat antolatu dugu: komikoak, bakarrizketak egiten ditu bai euskaraz bai gaztelaniaz. Horrez gain, baliabide material eta ekonomiko gehiago izango bagenitu, beste mota bateko jarduerak ere antolatzea gustatuko litzaiguke, hala nola antzerkia edo bestelako proposamen kulturalak.

Bestalde, egiten dugun komunikazio guztia —sare sozialetan zein kartelgintzan— bi hizkuntzetan egiten dugu, horrela herritar guztiei hurbiltzeko.

Zein da Udalarekin harremana?

Burokraziaren, administrazio‑isiltasunaren eta aurrez abisatu gabe gure aurka egindako jardueren ondorioz sortu da nolabaiteko tirabira, hori guztia komunikazio eskasaren emaitza izan delarik (esate baterako, eszenatokia kentzearen kasuan edo inauteriei buruz egunkarian argitaratutako artikuluan, besteak beste).

Zein da orain arte egin duzuen jarduna? Eta zein balorazio egiten duzue?

Abuztuko jaietan, San Martin plazako egitaraua antolatu genuen. Bertan, gustu guztietarako musika eskaini zen, eta mus txapelketa bat ere egin zen.

Ezin izan ditugu zenbait jarduera nahi genituen moduan edo iraganean egiten ziren bezala aurrera eraman, Lizarrako baldintza klimatikoetara egokitutako espazio publiko egokirik ez dagoelako. Urtean zehar ez dago horrelako jarduerak egiteko moduko espazio publikoren bat, eta horrek zaildu egiten du, adibidez, lehen frontoian egiten zen futbol-jaialdiaren gisako ekintzak berriro antolatzea.

Zenbat jardun dira euskaraz soilik?

Aurreko galderan erantzun bezala, ezin izan dugu ekintza garrantzitsurik antolatu, baina festetan euskarazko kontzertu bat programatu zen. Bestalde, komunikazio guztia bai gaztelaniaz bai euskaraz egin da, eta edozein espaziotan edo jardueratan, norbaitek euskaraz egiten badu, hizkuntza horretan aritzeko gai diren solaskideak badaude. Ez dago inolako hizkuntza-oztoporik ezta hizkuntzagatik bazterkeriarik ere; kontrakoa baizik: euskararen erabilera sustatzen da edozein espaziotan, jardueratan eta esparrutan, jai-giroan zein festatik kanpo.

Aurreko artikuluaKotarro 74 kalean da
Hurrengo artikuluaOstegunean AEK-ko ikasleen festa