UPNk bertsolaritza programa eten du eskoletan

Bagara kolektiboak babesa jaso du pailazoen emanaldian: BAGARA Lizarra eta Lizarrerriko euskaldunek osatutako taldea da, herrian euskaraz bizitzeko dauzkagun trabak mahaigaineratzeko, gure eskubide linguistikoen urraketa salatzeko eta horiek zuzentzeko lan egiten duena.

Beldurrik gabe, ausardiaz, arrazoi izateak ematen dien adore eta kemenaz egiten dute lan, eta beraiei esker herritarrok jakin izan dugu:
  • Udala “Euskara Merkataritzara” programatik atera dela.
  • Haurrei ikasturtean zehar modu jarraituan euskaraz Udalak eskaintzen zien programa bakarra, “Brinka”, eskaintzeari utzi diola
  • Bigarren aldiz, ez duela Korrika kilometrorik erosi
  • Herriko festeetan haurrentzako euskaraz ikuskizun bat bera ere ez dela izan, gaztelaniaz Ugari antolatu dituenean
  • Udalak 2024ko aurrekontuetan euskarari zuzendutakoak murriztu egin dituela
  • Udalaren hizkuntza politikak, hizkuntza-profiletan atzerakada eragin duela (kultur-teknikariari euskara kendu dio, berdintasun teknikariarekin zero baloratu eta administra lanpostu berriari eskatu ez)
  • Edo azken berria: Ikastolan eta Remontibalen ematen diren bertso eskolak finantzatzeari utzi dio. Horren eraginez, Ikastola eta Remontibaleko haurrak bertso eskolarik geratu dira. Une honetan LH5eko haurrek bertsolaritza irakaskuntzan programaren bigarren zatia jasotzen egon beharko lirateke (lehen zatia Nafarroako Gobernuak ordaintzen du), eta eskolei inolako abisurik eman gabe, programa eten du UPNk. Eta zer dira bertso eskolak? Bertso-eskolan bertsolaritzaren oinarrietan sakondu eta sortzeko gaitasuna bultzatzen da. Pentsamendu kritikoa ere lantzen da eta autoestimua hobetzeko aski jarduera lagungarria. Oinarrian euskara dago beti, eta euskal kulturan eta historian murgiltzeko modua ere ematen du. Bertso-eskoletan hori guzia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta eta jolasaren bidez egiten dute.
Eta hauek bezalako etengabeko hamaika adibide. Hizkuntza eskubideetan atzerakada berri eta larri honen aurrean, BAGARA taldeak salaketa irmoa planteatzen du. Horrez gain, ekimen ezberdinak antolatu ditu, Lizarrako jendearen babesa zabala izan dutenak. Esate baterako, oihartzun handia izan du “Kultura K-z ere bada”. Bizirik dagoen kanpaina honen ikur den pegatina laranja K-duna, gaur Gareanek pailazooi ere eman nahi dizue BAGARA taldearen izenean.
Gareanek BAGARA taldeak egiten duen lana aitortu eta txalotu nahi izan du eta aurrera lan egiten jarraitzeko animatu, eta aurten pailazoek eskaintzen duten oparia beraiei eskaini.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena