Lizarrako Udalak bi bando argitaratu ditu webgunean zein sare sozialetan. Bietan lerroburuak eta informazio nagusiak gaztelania hutsez, eta ondorengo xehetasunetan akatsak daude euskaraz eta zenbait informazio falta dira.
Zergatik ote? Baliteke horretaz arduratzen den langilea oporretan egotea, baina hori al da arazoa? Ez al du langileak opor, baja, eszedentzia eskubiderik? Eta hala bada, euskaldunon eskubideak murriztu behar al dira? Udalak kalitatezko euskarazko komunikazioa izatearen azken ardura ez da langileena, agintariena baizik.
Esaterako, badira enpresa eta profesional ugari euskara eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiten dituztenak. Prezioa ere merkea da, hori al da beraz euskararen garrantzia agintarientzat? Presazkoa balitz ere, gauza bera egingo lukete azpiko karteletan gaztelaniaren lekuan euskara jarriko bagenu? Onargarria litzateke udalaren webgune ofizialean albistea “Patroi festetarako Cordero en Chilindrón eta Ajoarriero Lehiaketak” izenburuarekin ateratzea?
Baina, hori al da alkatetzaren bekatu bakarra? Baliteke ezetz, beste maltzurkeri bat ezkutatzen baita baldarkeri horren atzean: bi lehiaketen izenak “fosilidutako” izen gisa hartzeko azpiko asmoa egon daiteke. Hau da, izen propiotzat hartuz gero baliteke bi hizkuntzetan, euskara zein gaztelania, modu berean jartzea: gaztelania hutsez. Hau da, XXII. Bildotsa Txilindron erara lehiaketa edo LIV. Ajoarriero lehiaketa moduak ekiditea.
Bi bando dira, eta bandoak nork agintzen ditu? Tentagarria da esatea bandoleroek argitaratzen dutela. Hau da, RAEren hitzetan, “eskrupulurik gabeko pertsonak” edo bidelapurrak, mandilak zein mandulerrak. Hortaz, Lizarrako udaleko agintariak euskararen bandolero.






