Udaberrirako literatura, bi autore Lizarran: Uxue Alberdi eta Asisko Urmeneta

Ohi bezala, martxoaren 15etik aurrera Garean elkarteak Irakurri, Gozatu, Bertan erosi eta Oparitu kanpaina jarriko du martxan. Besteak beste, literaturazaletasuna sustatzeko, zer hobe euskal sortzaileak gurera ekartzea baino. Hala, aurten bi etorriko dira Lizarrara. Horren goiz iragartzearen asmoa da Literaturazaleei liburuok irakurtzeko astia ematea.

Aurrena, martxoaren 28an, Asisko Urmenetaren solasaldi ilustratua izanen da, 18:30ean izanen da liburutegian «Amaiur libera state» album ilustratuaren inguruan aritzera (128 orrialde, 2022 urtekoa): “Album honetan, aztertu ditugu konkista-gerla haren kronologia eta okupazioaren makineria 1512tik 1522ra bitarte, bai eta inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere, izen eta deiturekin: Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz Bakedao, Johanikot Arberoa… «Populuak bota ditu Espainiako armarriak eta [Iruñeko] hiria gelditu da bere buruaren jabe». Antonio Villalobos, 1521. Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta orain Herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa.

Ondotik, Uxue Alberdi izanen dugu geurean, apirilaren 24an 18:30ean liburutegian. Oraingo honetan, «Dendaostekoak» liburuaren inguruan arituko da (216 orrialde, 2020 urtekoa): “Jostuna bata, brodatzailea bestea. 70eko hamarkada bukaeran ireki zuten denda, gurasoen etxean lan egiteaz nekatuta, eta liburu politikoak eta diskoak gehitu zizkieten ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariei. Marx eta mertzeria. Aitak esan zien emateko tokia tailerrari eta almazenari: “Funtsezkoa ezkutuan egiten da”. Han josten dute geroztik, han brodatzen, hantxe gordetzen dituzte mozorroak egiteko oihalak, edo banatzaileari itzuli beharreko liburuak. Dendaostean entzun dute musika lagunekin, edo abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioetarako prestatu, edo mendi irteeretarako.

Botoi bat josi liburu bat gomendatu artean, eta diskoak saldu txapelak brodatu ondoren. Eta, bitartean, uholdeak, tiro hotsa, kalea, ardoa, jaiotzak eta heriotzak. Denda baten kronika literarioa idatzi du Uxue Alberdik eta, bide batez, garai batena ere bai. Memoriaren dendaostetik.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena