Neguko oporrak iritsi dira eta ohi bezala haurrek izanen dute protagonismoa: Olentzero, itzal-antzerkia, familientzako bi pelikula… Dena den, dena ez da ez azukre eta ez haurrentzat, bertso saioa, Amets Arzallus eta “Miñan” izanen baitira Gaztetxean eta Mintzo eta pote Oteitzan.
Abenduak 24, Olentzero goizez eta arratsaldez
12:00etan, Santiago plazan, hamaiketakoa eta txokolatea, bertsolariak eta trikiak, Kulkiren jolas-parkea (azken hau Gareanen eskutik) eta arratsaldean, 17:00etan Ikastola bildu eta gero 17:20an abiatuko da kalejira 18:30 arte, San Martin plazan musika, potea eta agurra eginen baita.
Abenduak 29, Enperadorearen kondaira itzal-antzerkia
Udalaren eskutik, Los Llanos Kulturagunean 18:00etan itzal-antzerkia 3 euroan. Kondairak dio Aintzineko Txinan, Wu-Ti enperadorea tristurarik handienean erori zela. Gauak eta egunak igarotzen ziren eta ez inork ez ezer ez zuten Enperadorea pozten. Egun batean, gortean erabaki zuten Wu-Ti Enperadoreari poztasuna itzultzea. Horrela jaiotzen da Itzalen Antzerkia, itzalak maitatutako pertsonak bizitzara bueltatzeko ahalmena dutelarik, kontatutako kondairekin.
Abenduak 29, migrazioa, literatura eta bertso-saioa
Kotarro honetan bertan ekimen hau luze eta zabal azaldu dugunez, hemen laburki: Sugarra gaztetxearen eskutik 17:30ean Amets Arzallus izanen dugu Miñan liburuaren inguruan solas egiteko. Eta, ondotik, bertso saioa izanen dugu bai berarekin eta baita Garazi Navarro, Idoia Granizo eta Sarai Roblesekin.
Abenduak 29, mintzo eta pintxo Oteitzan
Arrano kultur elkartearen eskutik, ostiralean mintzo eta pintxo izanen da 20:00etan Mendia elkartean. Taldeek pintxoa prestatu eta, eskainitakoan, honen elaborazioa azaldu beharko diote bertaratutakoei.
Haur-zinema: Abenduak 30, estreinaldia: Migrazioa, bidaia ahaztezina. Eta urtarrilak 2-4 Gabonetako udal zinema-programazioa
Abenduaren 30ean Migrazioa, bidaia ahaztezina animazio-filmaren bi saio eskainiko dira Los Llanos Kulturagunean: Mallard familia putzuan geratu da. Aita Mackek bere familia Ingalaterra Berriko urmaelean zaintzea atsegin du, baina ama Pamek gogo handia du bizitzaz gozatzeko eta bere seme-alabei mundua bere osotasunean erakusteko.
Urtarrilaren 2, 3 eta 4an Udalaren Gabonetako zinema programazioa. Emanaldiak egunero, 17:00etan eta 2 euroan, baina adi, film bera euskaraz eta gaztelaniaz areto ezberdinetan: 2an Doraemon, Nobitaren dinosauro berria, 3an Abentura erraldoia eta 4an Bill Kwuay eta museoaren lapurreta.
Gainera, otsailaren hasieran…
Ez gara jaitsiko!, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen azken ikuskizuna otsailaren 7an etorriko da Los Llanos Kulturagunera, 17:00etan, Gareanen eskutik. Sarrerak online jarriko dira salgai urtarrilaren erdialdetik aurrera Los Llanoseko webgunean.
Sinopsia: Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira.