NASTAT: Lizarraldean etxeak elebidunago

Nafarroako Estatistika Institutuak Gizarte eta Bizi Baldintzen Inkesta berria egin du, eta besteak beste 2016tik 2025erako etxeko hizkuntzak aztertu ditu. Tamalez, ez du eskualde mailako informazio askorik eman, baina saiatuko gara Lizarraldea barnebiltzen duten eremuak aztertzen.

Lehenik eta behin, datuen iturrira egin nahi baduzue, jo NASTATen Gizarte eta Bizi Baldintzen 2025eko inkestara. Bestalde, ondoko lerrootan ikerketaren ondorio batzuk azaleratuko ditugu. Ahal izan denean eskualdeei errepartu diegu, Euskararen legearen zonifikazioa (Eremu euskalduna, mistoa eta ez euskalduna) eta 2000 zonifikazioa. Azken horretan hiru eremu aipatzen dira, Iruñerria, Iparraldea (Pirinioak, Aurre-pirinioak, Baztan-Bidasoa, Leitza, Larraun, Sakana…) eta Erdialdea (Lizarraldea, Tafalla ingurua, Zangoza ingurua…).

Nafarroa mailan ematen du hainbat joera ematen direla:

  • Etxean nagusiki hizkuntza bakarra egitearen kasua gutxitu egin da. Etxeak elebidunago egin dira. Hau da, etxean 2 hizkuntza edo gehiago egiten dutenak %9,9tik %22,1era egin dute.

Euskararen arnasguneei dagokionez:

  • Bestetik, etxean hizkuntza bakarra egiten denean, gaztelaniaren nagusitasuna handitu egin da: %96,1etik %98,8ra. Adi, kuantitatiboki aldaketa txikia izan arren, beste datuei erreparatuta, ematen du euskararen arnasguneetan atzerakada nabarmena eman duela euskarak. Eremu Euskalduneko datuei erreparatuta, “Etxean nagusiki hizkuntza bakarra” egiten denean, eta hori gaztelania ez denean (euskara beraz), %30,8tik %15,5era jaitsi egin da. Gauza bera ikus dezakegu Iparralde gisa izendatutako eskualdean, %27,3tik %10,6ra pasa baita.

Iruñerria, Erdialdea eta Eremu mistoari dagokionez:

  • Iruñerria, Erdialdea eta Eremu mistoa eskualdeei erreparatuz gero, etxean nagusiki euskaraz egiten dutenen kopurua ezin da igarri. Beraz, etxean euskara egiteko modu nagusia gaztelaniarekin bilakatu da. Etxe elebidunen kopurua bikoiztu egin bada ere, euskarak horren baitan duen pisua gutxitu egin da. Hau da, Iruñerrian eta Eremu Mistoan %58tik %55-56ra jaitsi da, eta Erdialdean %55etik %51-52ra. Beste etxeetan gaztelania eta beste hizkuntza bat egiten da.
  • Etxe elebidunen hizkuntzak Nafarroan: Gaztelania eta… euskara %58,5, arabiera %10,1, ingelesa %9,9, errumaniera %4,2, frantsesa %4,1, portugesa %3,8, espainian ofiziala den beste bat %1,9, txinera %1,6, beste bat %4,9.

  • Halere, etxe elebidunen hazkundea horren handia izan da non kopuru absolutuetan gora egin duen “euskara eta gaztelaniaz” egiten duten etxeak. Zehazki, Iruñerrian eta Eremu Mistoan %6tik %11ra pasa da eta Erdialdean %4tik %7ra.

Aurreko artikuluaOstiralean idazleak eta marrazkilariak haurrekin: Antton Kazabon eta Aintzane Usandizaga