Museoen Eguna Lizarran: Bisita gidatua museo etnologikoan eta “Itzalak” proiektua

Aste honetan Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen ari da eta horretarako doako sarrerak eta programazio joria eskaintzen ari dira gure museoak. Ez dago lekuz kanpo gogoratzea Lizarran hainbat museo eta areto ditugula bisitatzeko: Gustavo de Maeztu museoa, Karlismoaren museoa, Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoa eta Estrella-Lizarra interpretazio zentroa.

Eskaintza aberats horretatik bi ekimen nabarmendu nahi ditugu hemen. Batetik, Lizarrako museorik ezezaguna dena, “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoak bi bisita gidatu eskainiko ditu haren biltegietan (Merkatondoan). Maiatzaren 22an 17:30ean gaztelaniaz eta 23an 12:00etan euskaraz (igandea). Beharrezkoa da aldez aurretik telefonoz erreserbatzea, astelehenetik ostiralera, 9>14 ordutegian: 948 55 35 56.

Bestalde, Karlismoaren Museoan Itzalak aurkeztu dute, museoan buklean ikusi ahalko den animazio artistiko eta esperimentala: Sinkretismoa antropologia kulturalean erabiltzen den terminoa da, eta bi edo tradizio gehiagoren arteko hibridazio edo amalgamari erreferentzia egiten dio. Elementu ezberdinen fusio- eta asimilazio-izaera azpimarratzeko ere erabiltzen da.

Karlismoa sakon sartu zen nekazarien lurralde honetako kulturan, mendeetan zehar pentsamendu-korronte oso ezberdinak, zenbaitetan kontrakoak, lotu zituzten prozesu sinkretikoek zeharkatu dutena. Mendi hauetako antzinako tradiziotik, naturari hertsiki lotuta.

XIX. mendearen erdialdera, bizitza askotariko planoetan garatzen zen, itzaletan ere bai. Pieza honek geruzak igarotzen ditu, kale, mendi eta ibarretan barna, eta Baztaneraino iristen da. Bertan, Joaquina Goldaraz zugarramurdiarrak gutunak mugaren alde batetik bestera ezkutuan, itzalen artean, eramateko zeregina zuen.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena