Lizarrako Udalak euskara epaitegietara? Bada, bai

Baliteke 2025eko apirilaren 3an, ostegun honetan 18:00etan, Lizarrako Udalak epaitegietara jotzea bere herritarren hizkuntza eskubideen kontra. Osoko Bilkuran jakingo dugu.

Orain hilabete-edo TANek partzialki arrazoia eman zion EH Bilduk jarritako helegite bati. Ebazpen horretan, TAN auzitegiak baietatzen zuen Udaleko Kultura Teknikariaren lanpostuak euskara behar zuela.

Orain, UPNk Administrazioarekiko Auzien epaitegira jo nahi du TANen erabaki horren aurka egiteko. Horretarako, osteguneko Osoko Bilkurara eraman du gaia, Udalak errekurtsoa jar dezan. Hau da, guztion diruarekin ordaindu nahi du hizkuntza eskubideen aurkako epaiketa hau, euskara auzitegira eramateko. Orain badakigu non gastatuko duten euskarari 2024ko aurrekontuetan lapurtutako dirua.

Udalak herritarren eskubideen alde borrokatu beharko luke eta horretarako bere ahalmen zein baliabide guztiak erabili. Euskarafobia ekintzak, aldiz, nork bere poltsikotik ordaindu beharko lituzke.

Azkenik, UPNk PSN behar du aurrera jotzeko, bere aldeko botoa edota abstentzioarekin nahikoa zaio. PSNk azken urteotan askotan jo du euskararen aurka Lizarran, oraingoan zer eginen du? Abstentzioan ezkutatuko da jakinda horrek UPNri bidea irekiko diola Udal baliabideak erabiltzeko euskararen aurka jotzeko?

Edo, behingoz ausartuko da bere oinarriekin eta boto emaileekin bat egitera, garai bateko PSN euskaltzalearen ildoari jarraituko dio, eta aspaldiko partez UPNren euskarafobiari aurre egingo dio? Erantzuna? ostegunean 18:00etan.

Eguneraketa: Bada, ez, PSNk UPNri jarraitu dio euskarafobian eta aldeko botoa eman du epaitegietara jotzeko. Hona hemen albistea Diario de Noticiasen “UPN, PP y PSN apoyan un recurso para que la plaza de técnico de Cultura de Estella no pida euskera” eta El euskera hoy en Navarra iritzi artikulua.

2025eko apirilaren 3ko Osoko Bilkurako puntua:

5.- Bidezkoa den erabakia hartu, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2025eko otsailaren 5eko 220 zenbakiko Ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeari buruzkoa (20/01585 gora jotzeko errekurtsoa, Estella-Lizarrako Udalaren Osoko Bilkurak 2024ko ekainaren 6an hartutako erabakiaren aurka alegazioak ezesteari eta 2024ko plantilla organikoa behin betiko onartzeari buruzkoa). Esptea. 135864A

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena