(Pixabay-tik harturiko irudia)
Datorren igandean 13 proiektu bozkatu ahalko dituzte Lizarraran erroldaturiko 16 urtez goitikoek. Lagun bakoitzak hiru proiekturi eman ahal dio botoa eta babesik handiena lortzen duten proiektuek 25.000 euronako finantziazioa eskuratuko dute. Botoa emateko aukera igande honetan 10.00etatik 20.00etara udaletxeko beheko solairuan. Aurkeztutako egitasmoen artena euskararekin zuzenki loturiko proiektu bat: Euskara merkataritzan.
«Pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz eginda, bere burura helduko zara. Bere hizkuntzan hitz eginda, bihotzera». Nelson Mandela.
Diferentziazioan, pertsuasioan, kalitatean… irabazteko baino ez dute beraz, besteak beste, euskaraz ere egiten duten negozioek. Hitz batzuk, solasaldi osoa, kartel bat, keinu bat, agurra… era askotara eta autoexijentzia maila ezberdinetan gauza daiteke euskal hiztunari egiten zaion keinua. Honek onurak besterik ez dizkio ekarriko Lizarrako irudiari eta Lizarrako tokiko merkataritza eta ostalaritzari. Zerbitzuaren kalitatea hobetzea, bertako bi hizkuntzetan kasu egiteko aukera handituz eta zabalduz. Lehiakorragoak egin bertako merkataritza eta ostalaritza, bezeroekiko hurbiltasuna handituz euskararen erabileraren edota presentziaren bidez.
Hona hemen proposamenak:
Errotuluak berritzeko diru laguntzak
Ikastaro trinko-espezifikoak gutxieneko euskara lortzeko: lehen arreta euskaraz egin ahal izateko behintzat edo euskara komertzio hizkuntza bezala hobetzeko
Itzulpen-zuzenketa zerbitzua: jendarteari begirako komunikazioak: karteldegia, prezio zerrendak, menuak…

Hiztegi eta panel tematikoak: ostalaritza, arropa dendak, harategiak, okindegiak, arrandegiak, …



Hizkuntza aholkularitza eta Bai euskarari ziurtagiria lortzeko diru laguntzak bideratu.

Kanpaina orokorrak: ostalari, merkatari elkartea, kirol elkarte, herritarrak orokorrean, … Proiektu honen irudia eta merkatari zein ostalariek probestu ditzaketen abantailak jakinarazteko eskuorri eta kartelak.