Berton duzue Gareanen irakurketa kanpainaren baitan irakurritako liburu-sorta berria. Gogoratu Gareanen irakurketa kanpaina maiatzaren 31ra arte luzatuko dela eta oso erraza dela parte hartzea etxetik bertatik:
- Irakurri etxean duzun euskarazko liburu bat, edo online eskuragarri daudenak.
- Formulario labur hau bete: https://labur.eus/2DWRe
- Konfinamendua amaitutakoan, %25eko deskontu-txartela emango dizuegu euskarazko liburu bat erosi ahal izateko Lizarrako liburu-dendetan. BERTAKO ekonomia bultza dezagun!
Villatuertako Eiderrek, 9 urterekin, Ibon Marinen Onin eta basoko misterioa irakurri du, “Abenturaz beteta dagoelako eta oso dibertigarria delako.”
Begoñak, aldiz, Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak, Bernardo Atxaga. “Atxagak collage bat egiten du liburu honetan 6 narrazioren bidez. Ugarte herria ardatz, garai eta paisaia desbedinak margotzen ditu, hango bizilagun batzuk eta gertaera ezberdinak harilkatuz. Bere azken eleberria omen! Ez ordea bere azken lana…”
Manuelek, berriz, Fernando Morilloren Ixtebe Pellot, azken korsarioa irakurri du; euskaltegiko ikaskideekin batera.
Zortzi urteko Uxuek, azkenik, Ana Galanen Proba handia irakurri du. Eta hitz bakar bezain iradokitzailean laburbildu du zergatik gomendatuko lukeen: “Hunkigarria” izan zaiolako.