Larunbatean Kirolaren Eguna lizarran: GymTonic euskaraz eta antolakuntzak jarraitutako hizkuntza irizpideak

Kirolaren Eguna

Datorren larunbatean, irailak 13, “Estella-Lizarrako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Eguna” ospatuko da. Egun oso batez jarduera andana izanen ditugu gure hiriko kaleetan denon eskura. Sorkunde Garbiaren pasealekua, San Andres kalea, Llanos parkea, Koroatze, Santiago eta Foru plazak… Lizarra kiroldegi handi bilakatuko zaigu larunbatean. Eta gurea bezalako hiri elebidun batean, zer nolako irizpideak jarraitu dituzte antolatzaileak hizkuntzaren aldetik? Antolatzaileetako bati galdetu diogu eta honakora kontatu digu:

Hasteko, antolatzaile nagusiak, hirurak, euskaldunak gara. Hasieratik guztia ele-biz egin behar zela argi izan genuen. Kirolaren Eguneko Facebooken ikus dezakezue. Klubekin egiten ditugun komunikazioak ez dira elebidunak baina beti sartzen ditugu erdaldunentzat errazak diren hitzak: kaixo, arratsalde on, eskerrik asko gero arte, agur, ongi etorri…

Bestetik, egunean bertan, banatuko eta jarriko ditugun kartel guztiak elebidunak izango dira. Aldi berean, jardunaldian parte hartzeko jarriko dugun izen-emate mahaian behintzat euskaldun bat beti izango da. Euskal komunikabideak ere deitu ditugu larunbaterako.

Horrez gain, aurten jarduera bat ele-biz izango da (haurrentzako Mini Party, 11:00etan) eta beste bat, euskara hutsean (Gym Tonic, 19:00etan Koroatze plazan). Gym Tonic-a kiroldegiko begirale den Ainhoak emanen du eta zuzeneko D.J. emanaldia lagunduta izanen da. Gym Tonic saioaren ondotik flashmob bat egingo dugu han bertan (Youtuben zintzilikatu dugu ikasi ahal izateko) eta oso jendetsua izatea espero dugu, animatu jendea dantzatzera!

Iazko Kirolaren Eguneko Gym Tonic saioa, gaztelaniaz. Aurten euskaraz, larunbatean 19:00etan Lizarrako Koroatzen plazan. Animatzen?

Aurreko artikuluaLizarrako jaietan III Irrintzi txapelketa. Argazki galeria
Hurrengo artikuluaEuskal Herria eguna larunbatean. Lizarratik Ibarrara.