Kotarro aldizkariaren 26. alea online, “euskaratik kilometrotara”

Kotarro 26Kotarro aldizkariak 2007an ekin zion bideari Lizarraldean eta Lizarran bereziki. Garean euskara elkartearen ekimen honek ordutik hona 20 aletik gora argitaratu ditu.

Oraingoan, azken azken alea igo berri dugu internetera, Kotarro 26 aldizkaria. Azalean bertan hasita eta hurrengo bi orrialdeak bere hartuz, Lizarraldeko gurasoek haien seme-alabak euskaraz ikas dezaten egiten dituzten ahaleginak ditugu, Euskararen Legeak ezarritako hesiak nola gainditzen dituzten kontatuko digute 5 gurasok “Euskaratik kilometrotara” erreportajean. Datozen egunotan erreportajeko elkarrizketak eta argitaratu gabe geratu zaigun besteren bat blogean paratuko ditugu.

Euskara ikasteko ahaleginak alde batera utzi gabe baina haurtzarotik helduarora salto eginez, “Euskararen munduan sartzeko atea ireki da” artikulua topatuko dugu. Bertan aurten Lizarrako euskaltegiak idatzitako artikuluan aurtengo matrikulazioaren berri izanen dugu eta baita azken hamarkadako bilakaera ere.

Ikasturtea hasi berri duten beste batzuk dira irakurle klubeko kideak eta “Irakurle kluba: «letraminduak» elkartzeko tenorea” artikuluan aurten prestatu duten egitaraua kontatuko digute. Ondotik foto-inkestan eta denborapasetan zinema izanen dugu Kotarro honetako gaia eta, bukatzeko, kontra azalean, “Pausorik pauso. Ikastola auzolanean” artikulua topatuko dugu, non 1970ean sortu zen Lizarra Ikastolaren hasierako bi hamarkaden historia eskaintzen duen dokumentalari buruz arituko zaizkigu (abenduaren 27an estreinatuko da Golem aretoetan).

Kotarroren beste aleak ikusteko hemen klikatu. Jaietan ehunka ale banatu dira Lizarran eta inguruetan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena