Korrika badator! Ordutegiak, afariak, jaiak …

Korrika inguruan

Korrika gure eskualdera iristearekin batera hainbat Korrika-afari edo askariren berri izan dugu. Batetik, eta dakigula, Lizarran bi izanen dira. 21:00etan Gure Hizkuntza elkartean afari-pikoteoa izanen da Lizarrako Mendizale elkarteak eta Larraizar dantza taldeak antolatuta. Pinupe Gaztetxean berriz, LiGAk eta Ernaik antolatuta, 20:00etatik aurrera musika izanen da eta 21:30ean afaria 5€ren truke. Ondotik Gaztetxeko kilometroa egitera joanen dira 22:40ean eta gauean Korrika festa eginen da Gaztetxean. Ezin aipatu gabe utzi 22:00etan Euskal Herrian Euskarazek deituta Lizarrako alde zaharrean herri argazki bat egiteko deia dagoela Euskaraz Bizi Eguna iragartzeko asmoarekin. Garesen azkenik La Botella elkartean afari autogestionatua eginen da 22:00etan (izena emateko: 948 274 160 eta 606 999 072).

Ostiralean bertan ere Korrika Txikiak izanen ditugu Garesen (goizean) zein Mendigorrian (15:00etan). Honekin batera, gogorarazi laburki bada ere asteburuko beste bi jarduera: larunbatean, eta 9:00etatik aurrera Korrikaren pilota maratoi herrikoia Lizarran (Remontibal frontoian) eta igandean haurrentzako mendi irteera Lubierri haitzuloetara.

Azkenik, gure eskualdean izanen den Korrika ibilbidearen ordutegiak jakiteko klikatu hemen. Gainera, ez ahaztu astearte goiz-goizean Korrika berriro Estellerriko mendebaldean izanen dugula: Sartaguda 2:35, Lodosa 3:59, Sesma 5:05, Urantzia 6:11, Mues 6:47, Mendaza 7:11, Azedo 7:29 eta Kanpezu 8:40.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena