Zerk eragiten du irudi bat karlismoarekin identifikatu ahal izatea? Nola eraikitzen da irudi bat ideologiatik? Irudi hori jatorrizkoa da ala une bakoitzeko ikusizko kulturaren eraldaketa eta egokitzapen bat? Ideia hauen gaineko erakusketa irailaren 13ra bitarte.
Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.
Erakusketa
Erakusketa bi bloketan egituratzen da. Lehenengoan, karlismoaren irudiaren eraikuntza aztertzen da, bereziki 1820ko hamarkadatik aurrera, Karlos Maria Isidro Borboiko infantearen aldeko mugimendu gisa, Espainiako tronurako alternatiba moduan, fernandinoen eta karlisten arteko dilema planteatzen den garaian. Irudien eta ideien bidez azaltzen da nola izan zen bilakaera, Espainiako infante izatetik, tronurako hautagai izatera eta ondoren lider politiko gisa ulertua izatera.
Haiekin batera, arreta berezia eskaintzen zaie hainbat emakumeri, zeinen papera erabakigarria izan baitzen karlismoaren errepresentazioan, eta ezinbestekoak izan baitziren idealaren konfigurazioan. Mugimenduko figura esanguratsu hauekin batera, erakusketak gizonen, emakumeen eta haurren errepresentazioa ere aztertzen du karlismoan, estereotipoen eta itxuraren bidez, baita jarduera kolektiboaren bidez ere: zirkuluetan, erreketea edo margariten eta pelayoen elkarteak.
Bigarren blokean, karlismoaren errepresentazioan erabilitako ikurrak aztertzen dira, garai bakoitzeko kultura bisualetik hartuak, eta karlismoak bereganatu eta egokitu zituenak, batzuetan bere kausarentzat esklusibo bihurtzeraino. Ideiek, leloek, irudiek, debozioek, musikak eta sinboloek bisitaria gonbidatzen dute mugimenduaren errepresentazioari, haren bilakaerari eta interpretazio aniztasunari buruzko iritzi propioa osatzera.
Erakusketak askotariko ondare-kulturako piezak uztartzen ditu: margolanak, grabatuak, marrazkiak, kartelak, argazkiak, beirateak, banderak, uniformeak, dominak eta bestelako objektuak, karlismoaren errepresentazioaren adierazgarri direnak.
Karlismoaren Museoak erakusketa iraunkorrera bisita gidatuak antolatzen ditu. Lehenengoak apirilaren 11n (larunbata) izango dira, 17:00etan (gaztelaniaz), eta apirilaren 12an (igandea), 12:00etan (euskaraz). Bisiten egutegia museoko webgunean kontsulta daiteke: https://museodelcarlismo.navarra.es/




