“Irakurri, Gozatu, Bertan erosi eta Oparitu” (IGBO) kanpainaren lehenengo sariduna

Garean Euskaldunon Elkarteak 14.urtez antolatzen duen irakurketa kanpainak aurrera darrai eta jada badugu apirileko zozketaren irabazlea. Xabier Fernandez Astarriaga, 6 urteko lizartarrak 30 euroko opari-txekea jaso zuen elkarteko kide baten eskutik. Ama eta arreba txikiak lagunduta hurbildu zen Jose Maria Lacarra Lizarrako Liburutegi Publikora eta komiki-zale amorratua dela eta pila bat ezagutzen dituela adierazi zuen. Gauero-gauero aitarekin batera komikien munduan murgiltzea oso gustuko du. Lizarra Ikastolako ikaslea honek “Asterik eta Obelixen galera” komikia irakurrita parte hartu zuen ekimenean. Opari-txekea Lizarrako Clarin, Dragon Comics, Ekolore, Ino edo Irrintzi liburudendetan baliatu ahal izango du euskarazko liburuak erosteko.

Urtero bezala, irakurleek oso harrera ona egin diote “Irakurri Gozatu Bertan erosi eta Oparitu” (IGBO) kanpainari aukera paregabea eskeintzen baitu euskarazko literatura ezagutzeko, bertako ekonomia bultzatzeko eta nola ez, irakurketaz gozatzeko. Oraindik ere maiatza osoan zehar kanpaina honetan parte-hartzeko aukera dago. IGBOk irauten duen bitartean (martxoaren 15etik maiatzaren 31ra) Liburutegitik euskarazko liburu bat hartu eta irakurtzeagatik, Lizarrako liburudendetan euskarazko beste edozein liburu erosteko %25eko deskontua lortzen da; horrez gain, apirila eta maiatzaren amaieran, hilabete horretan ekimenean parte hartu dutenen artean 30 euroko opari-txekea zozketatzen da.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena