Irakurketa gomendio berria: “112 poema”

Lucia Oteroren eskutik, irakurketa gomendio berria Irakurri, Gozatu, Bertan erosi eta Oparitu kanpainaren barruan:

112 POEMA BIZIARI HEGALAK JARTZEKO
Begoña Abad de la Peña (Itzultzailea: Fernando Rey)
DENONARTEAN argitaletxea, 2020

Ez nuen Begoña Abad de la Parte-ren libururik ezagutzen, Fernando Rey itzultzailearen eskutik ezagutu dut emakume idazle hau, eta itzultzailea bera izatea obraren kalitatearen bermerik onena da niretzat; izan ere, Fernandok ez du edozein lanik euskerara ekartzen, ondo hautatuak izaten dira eta bere itzulpenak. Lan mardula itzuli zuen orain pare bat urte “Infinitua ihi batean”, liburu zoragarria benetan. Kontu arinagoa dirudi poema-liburu honek, baina ez, ez da horrela.

Idaztea arnasa hartzea bezain naturala dela dio idazle honek, poemak idaztea, hain zuzen ere. Baina, bitxia kontua: zenbaki zehatz bat, arriskuan gaudenean laguntzarako telefono zenbakia, aukeratu du poema-liburua ontzeko. 112 poema. Salbamendurako poemak ote? Galdera hau piztu zait izenburua irakurtzearen ondorioz.

Eguneroko gauza txikiak eta mezu sakonak nahasten dira, aldarrikapenak, hausnarketak, identitatearen gaineko kezkak, baita baieztapenak ere. Erratza meditazio ariketa gisa erabiltzen du, tinko lurrean, eguneroko eginkizunetan, bizia hegan egiten duen bitartean.

Ez dut ezer hoberik aurkitu poema-liburu hau gomendatzeko poema zati hau baino:

Pentsatzen ari naiz / ez ote niokeen utzi beharko idazteari /eta ogia egiten hasi
gosea pasatzen dutenen artean banatzeko, / nahiz eta gizakia ez den bakarrik ogiz bizi.
Baina batzuek esaten dute / egunero poema bat behar dutela / ahora eramateko.

(Lucia Otero)

Aurreko artikuluaApirilaren 20an Lizarraldeko Gazte Eguna Villatuertan
Hurrengo artikuluaAsteartean 17:30ean liburutegian: Letrekin dantzan (3-8 urte)