Haurren lehen matrikulazioa, euskarazko murgiltze ereduaren aldeko kanpainak

matrikulazio kanpaina 2

Haurren lehen matrikulaziorako epea zabaldu eginen da datorren otsailaren 1etik 8ra. Aurreneko matrikulazioan (Haur Hezkuntzako Lehen maila, edo bestela erranda, 3 urtetako haurrak) aukeratzen den hizkuntza-eredua, ziurrenik, derrigorrezko eskolatze osoan mantenduko dute. Pertsona batek euskara ikasteko metodorik onena txikitatik ikastea da, gurasoek hori berma dezakete bi bide uztartuz: batetik, ingurune euskaldun bat eskainiz (etxean, aisialdian, antolatutako jardueretan … ) eta, bestetik, eskolatzean euskarazko murgiltze ereduan sartuz. Hori dela eta, hainbat kanpaina abiatu dira Nafarroan.

Albistea ilustratzen duten bi irudiak bi kanpainatik atereak dira. Ezkerrekoa, zenbait Udal Euskara Zerbitzuen kanpaina dugu, eta honen baitan gogorarazi bihar, larunbatarekin, Irrien Lagunak Kluba Garesen gozatu ahalko dugula bertako eskolan, 17:00etan. Bigarren irudia berriz, Ikastolek abiatutako kanpainaren baitan dago, Euskal Herri osoko txoko guztietan horrelako liburuak uzten ari dira gurasoak, liburuak askatzen ari dira jendarteari oparitzeko. Bi kanpaina hauetaz gain, Lizarran gaur Lizarraldeko euskalgintzak prentsaurrekoa egin du abiatu berri duen kanpaina iragarriz, bihar izanen duzue honen berri blogean.

Nafarroan abiatutako kanpainak:

Nafarroako 15 udal entitatek (tartean Garesko Udala) Irrien Lagunak Klubarekin elkarlanean Hazi eta Irabazi D ereduan kanpaina.
Ikastolen Elkarteak (tartean eskualdeko Ikastolak) Inbertsiorik errentagarriena kanpaina.
Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak, NIZEk, Argi Ikusi kanpaina.
Lizarraldeko euskalgintzak, azkenik, berezko kanpaina eginen du Duzun Onena liburuxkaren mezuaren inguruan: hainbat ekimen eta jarduera izanen dira kanpaina honetan. Bihar kanpaina honen gaineko informazioa zabalduko dugu blogean bertan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena