Euskal hiztunak biderkatzeko trukua… zure esku dago!

Joan den astean blogean galdetu genuen, nola esaten da “truco de magia” euskaraz? Erantzun anitzeko galdera izanik honako emaitza jaso genuen: magia trikimailua (%79), magia trukua (%14) eta magia amarrua (%7).

Argi dago beraz zuen hautua zein izan den. Baina, zer dela eta amarru hau? galdera honek trukua al dauka? Magia trikimailu honen bitartez 2014-2015 Mintzakidera animatu nahi zaitugu!


Magia

Gaur, astelehena 6, izen emate kanpaina abiatu berri dugu Lizarraldean eta Izarbeibarren. Kanpaina honen bidez, hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dela erakutsi nahi dugu; eta horretarako, euskaraz hobeto eta gehiago aritzeko, eta euskal hiztunak biderkatzeko, mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen dutenek jakin badakite ez dela magiarik behar, TRUKUA NORBERARENGAN DAGOELAKO!

Astean ordubetez arituta, hizkuntza gaitasunak hobetzen dituzte mintzalagunek. Eta astean ordubetez elkartuta, euskal hiztunak biderkatzen dituzte parte hartzen duten kideek. Horixe da mintzapraktika egitasmoen magia: ahalegin txiki eta atseginarekin, indarrak biderkatzen dira! Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago elkartu ginen Euskal Herri osoan, eta gure eskualdean 100 lagunetik gora. Gaindituko al ditugu aurten kopuru hauek?

Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko:

*Izen ematea gaurtik hasita eta urri zehar zabalik izanen da. Urte osoan zehar izena eman daiteke baina egokiena orain egitea da taldeen osatzea errazteko

*Izen ematea doakoa da

*Izena emateko lekuak: Lizarrako eta Izarbeibarko AEK euskaltegiak, Lizarrako eta Garesko euskara zerbitzuak (Udaletxeetan) eta Garean euskara elkartea

*Zalantzak eta bestelakoak Mintzakide dinamizatzaileari: 672 050 155 telefonoan edo lizarbeibarmintza@gmail.com-en. Alfredo

*Mintzataldeak urriaren azken astean osatzen hasiko gara jasotako izen emateekin. Aurreko urteetan egonkortu diren taldeak gaurtik aurrera martxan jartzen saiatuko gara, urri bukaerara itxaron gabe.

Mintzakide Lizarralde eta Izarbeibar

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena