Buah txabal! antzezlana Lizarrako Pinupe Gaztetxean ostiralean 20:00etan

Ostiral honetan, otsailak 21, arratsaldeko 20:00etan, Lizarrako Pinupe Gaztetxean, arrakasta handia lortzen ari den antzezlan bat ikusteko aukera izanen dugu: “Buah txabal!”. Arrasate Euskaldundu Dezagun kultur elkartearen eskariz, Unai Iturriaga bertsolariak idatzitako bakarrizketa, Jon Zubiaga aktoreak taularatuko du.

Dibertigarria izan arren, “Buah txabal!” ez da denbora-pasa hutserako sortutako ikuskizuna. Hori baino, lan tresna bikaina da euskara, hizkuntz ohitura eta jarrerei buruz pentsarazi egin nahi duena. Publiko gazteari bereziki zuzenduta badago ere, euskaldun ororentzat interesgarria izan daiteke, adin guztietan gerta baitaitezke obran agertzen diren egoerak.

buah txabal

“Garikoitz Kortabitarte “Beti”, 20 urte bueltako gazte bat da. Goitizena beti lokalean sartuta egotetik datorkio. Bart, salbuespen moduan, herrira atera da parrandara eta tragedia bat gertatu zaio: mugikorra galdu du. Zergatik da, ordea, mugikorra galtzea halako tragedia? Garikoitzek horren zergatia kontatzen digun bitartean, gazte horrek euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia estremo baten lekuko eginen gaitu.”

Antolatzailea: Garean euskaldunon elkartea; Lizarrako Gaztetxea; Institutuko gazteak. Sarrera doan!


IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena