Aiztondeta elkartearen gutuna: Lizarrako Eguna 2025

Iaz moduan, aurten ere Lizarrako Eguna antolatuko da maiatzaren 2 eta 3an. Hala, Aiztondeta elkarteak honako gutuna helarazi dio Kotarrori:

LIZARRAKO EGUNA 2025

Aurreko urteak Lizarrako eragile eta kolektibo zein herritarroi zerbait irakatsi bazigun, kultura, kirola, elkartasuna, euskara, kolaborazioa eta jaia hauek sentitzen, lantzen, garatzen eta gozatzen ditugunon esku daudela izan zen. Komunitatea, herria, jendea da protagonista bakarra, eta hori aldarrikatu eta ospatzen dugu.

Maiatzak 2 eta 3an Lizarrako Eguna izanen dugu berriro, herriko eta herritarron txoko fisiko eta emozional guztiak hartzen dituzten baloreak aldarrikatu eta ospatzeko asmoz.

“Herritik, herriagatik eta herriarentzat” izanen da berriro ere aurtengo leloa.

Uste dugu honek ezin hobe laburtzen duela haien jarduera Lizarrako taupada bihurtzen duten eragile eta pertsonen egunerokoa. 2024an inoiz baino ozenago, modu espontaneo batean eta elkartasun, imajinazio eta jai izaera hartuz entzun zen taupada. Gure proposamen eta apustua euskaltzale, euskaldun, feminista, herrikoia, solidarioa eta parte hartzailea da. Maiatzak 2 eta 3 egunak indar honen isla izatea gustatuko litzaiguke, ehunka pertsonen eguneroko lanaren isla, gazte zein heldu, antolatu ala ez, baina beti borondatez, komunitatea sortzen dutenak, eta gure herriaren zati garrantzitsu eta ezinbesteko bat direnak.

Lizarra eta Lizarraldeko herritar oro gonbidatzen dugu data hauek agendan apuntatu eta antolatzen diren ekimen eta jarduera guztietan parte hartzera. Bitartean, jarrai dezagun herria sentitzen, herria pentsatzen eta herria egiten.

Aiztondeta elkartea

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena