Larunbatean VI Elkartasun Jaia Saharako Herriarekin, Lizarrako Llanos parkean

elkartasun jaia

Seigarren urtez haur saharauiak etorri dira gurera Tindufeko kanpalekuetatik “Oporrak Bakean” egitasmoaren baitan. Haur hauek Sahararen askatasun borrokaren egiazko enbaxadore ditugu, gehienak basamortuan erbestean egon arren berezko kultura eta nortasuna mantentzen dutenak.

Elkartasuna ekinean eraikitzen denez larunbata honetan, 11:00etatik aurrera Llanosen ibaiaren ondoan, ezkien eta makal zaharren itzalpe goxoan jolastuko gara, argazkien erakusketa ikusiko dugu, tea hartuko dugu (errituala miretsiko dugu), haima montatuko dugu eta haien artisautza ezagutuko ditugu. Goiza osatzeko senidetze bazkari goxoa hartuko dugu eta azkenburukoekin batera tonbola eginen dugu.

Bazkaria 14:00etan izanen da, 10 eurotan (haurrek 5 euro). Txartelak Ino liburu dendan. Bazkalosteko tonbolan Lizarraldeko saltegiek emandako produktuak zozketatuko ditugu. Animatu eta Llanosera hurbildu, geratu bazkaltzera eta ezagutu haur saharauiak haien alaitasunarekin gozatuz, etorri haien mundua ezagutzera. Jarri turban “sinbolikoa” edo melfa koloretsua eta babestu herri saharauia.

Aurreko artikuluaKultura askearen aldeko V. jaialdia Lizarran
Hurrengo artikuluaHaurrentzako antzezlan-tailerra Karlismoaren Museoan larunbatean: banderen hizkuntza