Udalak eta biok euskaraz, EHEren kanpaina abian Lizarran

EHE Udalarekin euskaraz

Euskal Herrian Euskaraz-en “Udalak eta biok euskaraz” kanpaina berria abian da.

Lizarran ere kanpaina honekin bat egin nahi dugu eta posta honen bitartez aipatutako kanpainaren berri eman nahi dizuegu. Lizarran azkenengo hilabeteetan berri pozgarriak izan ditugu udalak euskararen ordenantza berria onartu baitu. Hala ere, laster azaldu zaizkigu lehenengo arazoak udaletxeak ordenantza betetzen ez duelako. Guztion ahotan egon zen Gabonetan gertatutakoa. Ordenantza berriak Lizarrako euskaldunoi eskubide batzuk ematen dizkigu eta hauetako batek udalak eta herritar euskaldunen arteko harremanak euskaraz izatea ahalbideratzen du.

EHE Lizarra Agoitzera deitzen

Lizarrako EHE-k euskaldun oro gonbidatzen du ordenantzak ematen dizkigun eskubideak erabiltzera eta EHEn herriko etxeen eta herritarren arteko harremanak euskaraz izan daitezen abiatuko den kanpainarekin bat egitera.

Hau lortzeko herritarrak aktibatu nahi ditugu konpromezu pertsonalak hartuz eta horretarako eskari orri bat pertsonalki betetzea proposatzen dugu, bertan norbanakoaren iritziz udalaren euskararekiko gabeziak azalduz eta bion artean harremanak euskaraz izatea eskatuz.

Udala dugu herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa eta hizkuntza politika konpetentziak baditu. Herritar euskaldun gisa gure eskubideen aldeko pausoa da udalarekiko harremanak euskaraz izatea. Eskari orriaren eredua hemen topa dezakezu.

Honen guztiaren gainean eztabaidatzeko eta Lizarrako udalak euskararekiko dituen gabeziak antzemateko otsailaren 21ean 19:30ean La Botan egingo den batzarrean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Aurreko artikulua“Zorionak” kartela berreskuratu dugu eta hizkuntza ekologiaren aldarria
Hurrengo artikuluaLizarraldeko eta Izarbeibarko otsailaren 10etik 23rako euskal agenda