
Larunbata gauean ardo dastaketa ederraz gozatu ahal izan genuen 13 lagun Lizarrako Etxe-berria natur dendan. Atarrabiatik etorritako Iñaki Olaberri enologoak ardoaren usai, kolore, ezaugarri kimiko, zapore eta aniztasunaz aritu zitzaigun. Horretarako, Aroa upeldegiko hiru ardo ekologiko mota dastatu genituen: gorria, zuria eta beltza. Ardo bakoitzaren dastaketan zehar honen inguruko azalpenak ematen zizkigun Iñakik eta, ardo eta ardo artean tartekatuz, lurrinen jolasa egin genuen (hainbat lurrin usaindu eta berauek zeintzuk ziren asmatzen saiatu).
Azkenik, Aroa Jauna ardoak lagundutako Shiitake risottoa eta txerri gozamenak ahoratuz eman genion akabera dastaketa formalari. Gaua baina ez zen hor bukatu luzatu egin baitzitzaigun solas goxoan natur dendako argiak ordu txikitan itzali ziren arte.



