Gareanen dimentsioa(k)

Dimentsioa, kontzeptu matematiko eta fisikoa izateaz gain zerbaiten neurria edo tamaina ere ematen digu. Gainera, hedaduraz, garrantzia edo munta ere adieraz dezake. Beraz, erreportaje honetan Garean elkarteari neurriak hartuko dizkiogu, euskararen neurrira egindako jantzia.

Datorren urtean Garean Euskaldunon Elkarteak 20 urte beteko ditu. Bi hamarkada hauetan proiektu ugari sortu dira elkartearen babesean eta haren ekimenez. Horietako batzuk, Berri Txarrak parafraseatuz Jaio.Bizi.Hil, baina beste batzuek betiereko dirudite: Txokolipuinak, Lizarran Kantuz, Kotarro aldizkaria, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen urteroko hitzordua… Eta hona lehen dimentsioa edo neurria: denbora, ia 20 urte. Bi hamarkada euskaraz egitearen alde Lizarran.

Beste dimentsio bat une honetan martxan diren proiektuak dira. Arestian esan bezala, haurrei zuzenduriko proiektuak daude: Txokolipuinak hileroko ipuin saioak, Eta 10ean plazan ostiraletako jolasak, Eta 10ean plazan PLUS (LH4-6 adineko haurrentzat), aldian aldiko ikuskizunak (esaterako, pailazoen urteroko ikuskizuna, azaroko Begizur magia saioa Gure Hizkuntzan, niniendako ipuin-kontaketa musikatua otsailean).

2025eko irailetik 2026ko abuztura bitarte, Garean ikasturte bat

Ondoko lerrootan ikasturte bakar batean Gareanek egindako lanaren spoiler bat egingo dugu. Lehenik eta behin, eta soil-soilik kultur eta aisialdiko ekitaldi zehatzei erreparatuz gero, urte bakarrean:

  • Osotara heldu zein haurrentzako 52 kultur edo aisialdi hitzordu antolatu(ko) ditu Gareanek.
  • 2.600 ikusle edo partaide aurreikusten dira (1.600 haurrak, 700 helduak eta 300 Irrintzi txapelketa).
2025-2026 Garean ekitaldiak: niniak, Kantuz, pailazoak, poesia eta musika elektronikoa, mendia, haur-jolasak, Korrika kilometroa, antzerkia…

Familientzako kultura eta aisialdia: 34 ekitaldi

Gehien-gehienak Eta hamarrean plazan 18 saioak eta Txokolipuinak programa beteranoko 8 ipuin kontalariak izan dira. Izan ere, ekainera arte luzatuko ditugu ipuinak saio oso berezi batekin: San Joan Su Ttikia ur gazia putzuan. Horiekin batera, festa eta festaurrekoetan lauzpabost jarduera (txosnaguneari baimena ematearen arabera) eta, azkenik, noizbehinkako ikuskizunak: Begizur magia saioa urrian eta otsaileko Zerua lapurtu dute pailazoen ikuskizuna eta Urtaroz urtaro niniendako ipuin-kontaketa musikatua.

Finantziazioari dagokionez, pailazoen ikuskizuna kenduta (sarrerekin ia autofinantzatzen baita), 8.300 euro inguruko gastua aurreikusten da eta gurasoek osotara 650 euro ordainduko dituzte. Beraz, nola ordaintzen dira familientzako ekitaldiak?

Aurrena, jarduera antolatzeko boluntarioen lanari esker gastua dezente murrizten da, bestalde Garean elkartearen bazkideek 72 euroko urteko kuota jartzen dute eta, azkenik, elkartearen administrazio-lan boluntarioarekin jarduera batzuek Euskarabidearen edo Udalaren dirulaguntza jasotzen dute. Hori gabe, modu bakarra legoke jarduera hauek antolatzeko, gastua familien gain geratzea.

Txokolipuinak saioa 2025-2026. Xabier Flamarique

Helduentzako kultura eta aisialdia: 18 ekitaldi

Horien erdia inguru Lizarran Kantuz saioak eta festetako bazkaria izan dira. Kantuzaleen irteeraldiez gain: Gau Beltzaren abaroan urrian Beren izenez umore beltzeko antzerki laburra, Olentzero nora zoaz? mintzaldia, Korrika garaian hiru ekitaldi (Tabernaria antzerki laburra, Ioarrera Mendian Mintza irteera eta Lizarra euskararen begietatik bisita gidatua), IGBO irakurketa kanpainaren barruan maiatzean bi ekitaldi (Bizi sintetikoak poesia eta musika elektronikoa eta Sarrionandiaren Egoerak eta liburuak solasaldia) eta, amaitzeko, ekaineko Errezura Mendian Mintza eta Irulegiko erakusketara Kulturaz mintza irteera berriak.

Kasu honetan, ekimen batzuk guztiz boluntarioak izan dira (Kantuz, Mendian-mintza, bisita gidatua, Irrintzi txapelketa), beste batzuk Udalak zuzenean ordaindu ditu (Beren izenez, Olentzero nora zoaz?, Bizi sintetikoak eta Sarrionandiaren solasaldia) eta beste bat Gareanek osorik: Tabernaria antzerki laburra.

Lizarran Kantuz saioa. 2025eko festa nagusiak

Ekitaldietatik haratago, programak eta ezohiko proiektuak

Programa batzuk ekitaldietan oinarritzen badira ere, beste batzuk ezin dira horrela sailkatu. Esaterako, Gareanek honakoak antolatzen ditu: eskualdeko Mintzakide proiektua, Kotarroren komunikabideak (aldizkaria, webgunea, sare sozialak, youtube), whatsappeko familientzako kanala, liburuen eta liburuxken argitalpena (Dorian Grayren erretratua, Lizarraldeko euskararen hiztegia, Kantutegiak…), audio-ipuin ilustratuak, IGBO irakurketa sustatzeko kanpaina, Eusfera…

Elkarlanaren dimentsioa

Garean ez da beste kolektibo eta gizarte-mugimenduengandik at bizi. Batetik, elkarteak gidatzen dituen hainbat ekitaldik ezinbesteko kolaboratzaileak ditu, esaterako, liburu-denda eta liburutegiak IGBO kanpainan, Bota Peña helduentzako hainbat ekitalditan, Ikastola eta Remontibal haurrentzako jardueretan, AEKrekin adosten dira helduen jarduerak, Mintzakide egitasmoa udal eta eragile ugarirekin antolatzen eta finantzatzen da… Ez hori bakarrik, Gareanek Korrika eta Euskaraldia batzordeetan parte hartu du eta euskarazko aisia antolatzen duen orori (Los Llanosen zinema, Bota Peña, Bertso elkartea, Karlismoaren museoa…) aktiboki laguntzen die euskaraz eskaintzen dituzten ekitaldiak iragartzen eta sustatzen.

Elkarlana: 2026ko Korrikan Gareanen kilometroa. Txokolipuinei gorazarre

Barne administrazioaren dimentsioa

52 ekitaldi eta bestelako proiektu eta ekimenak gauzatu ahal izateko bulego lana egin behar da: lokalak bilatu, azpiegitura lortu (argindarra, mahaiak, aulkiak, proiektorea…), baimenak eskatu, finantziazioa eskuratu, kolektibo eta erakundeekin harremanak egin, ekitaldia iragarri eta sustatu, izen emateak kudeatu, kartela egin, argazkiak atera… Horrek administrazio-lanak eskatzen ditu, boluntarioen orduak beraz.

Dimentsio ekonomikoa

2025 ekitaldi ekonomikoan Gareanek 30.000 euroko aurrekontua izan zuen, eta gasturik handiena, bi heren, Mintzakide proiektuak, pailazoen ikuskizunak, «eta hamarrean plazan» jolasek eta festetako Kantuz bazkariak hartu zuten. Esan beharra dago ikuskizuna zein bazkaria ia autofinantzatu egin direla, baina, eta beste guztia? Osotara, elkartearen defizita oso txikia izan zen, 500 euro ingurukoa:

Horretaz gain, helduentzako zenbait jarduera Gareanek antolatu arren fakturak Udalak bere gain hartu ditu zuzenean, zehazki helduentzako lau jarduera eta haurrentzako bat. Hortaz, arestiko paragrafoan aipatutako aurrekontu eta ehunekoetan ez dute islarik.

Aurreko artikuluaIgandean Baserriko uzta: agroekologia eta musika
Hurrengo artikuluaIGBO gomendioa: Zaldi bat